Ertzainek 45 urteko gidari bat atxilotu dute gaur goizean Sopelan bide-segurtasunaren aurkako delitu bat leporatuta, tren turistiko bat drogen eraginpean gidatzen ari zelako. Trenean 35 haur eta horien irakasleak zihoazen.
Gaur, osteguna, goizeko hamarrak baino lehentxeago, Ertzaintzak jakin du Sopelan 35 haur eta horien irakasleak zeramatzan tren turistiko baten gidaria substantzia sorgorgarriren batean eraginpean gidatzen ari zela zirudiela.
Bertaratu diren agenteek ikusi dute gizonak jarrera urduria zuela, eta gorputzean substantzia sorgorgarriak detektatzeko testa egin diote eta emaitza positiboa izan da. Gainera, gidaria miatu dutenean, hauts zuri bat eta 9 pastilla, ustez sorgorgarriak, zituen poltsa bat aurkitu diote.
Horren aurrean, agenteek espainiar nazionalitateko 45 urteko gizona atxilotu dute bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik, eta Herritarren Segurtasuna Babesteko Legea urratzeagatik zehapen administratiboa jartzeko proposatu dute drogak edukitzeagatik.
Gero, atxilotua Getxoko Ertzain-etxera eraman dute dagozkion eginbideak egitera, eta, horiek amaitutakoan, epailearen eskuetan jarriko dute.
Trena lekuan bertan ibilgetuta geratu da, eta adingabeak autobusean eraman dituzte euren ikastetxera.