Atzo eguerdian, Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen Bizkaiko hiriburuan, etxebizitza batean indarrez lapurreta egitea leporatuta. Atxilotuak alde egiten ari zirenean harrapatu zituzten, eta batek agenteei aurre egin zien atxiloketa saihesteko.
Atzo, asteartea, eguerdiko hamabiak aldera, Bilboko Deustu auzoan polizia-lanetan ari ziren Ertzaintzako agenteek polizia-aurrekari ugari izateagatik ezagunak zituzten bi pertsona ikusi zituzten atari batetik presaka irteten. Gelditzeko agindua eman zietenean, ez zuten jaramonik egin eta ihes egiten saiatu ziren, baina, azkenean, atzeman egin zituzten. Agenteek horietako bat immobilizatu behar izan zuten, kontra egin baitzien.
Ertzainek prebentziozko miaketa egin zieten bi gizonei, eta, beren gauzen artean, ateak irekitzeko giltza-kit bat, aluminiozko laminak eta irristatze-metodoaren bidez ateak irekitzeko erabiltzen den plastiko bat aurkitu zizkieten. Horrez gainera, hainbat bitxi ere bazeramatzaten, hala nola urrezko zintzilikarioak, kateak, paparreko orratzak eta belarritakoak, bai eta txanponak eta pezeta zaharren billeteak ere.
Magrebtar jatorriko 64 eta 55 urteko bi gizonak indarrez lapurreta egitea leporatuta atxilotu zituzten, eta polizia-eginbideak amaitutakoan jarriko dituzte epailearen eskuetan. Era berean, 64 urteko atxilotuari agintaritzaren agenteei jarkitzearen delitua ere leporatu diote.
Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du konfiskatutako bitxien eta diruaren jatorria argitzeko.