Ertzaintza ELSA UPV/EHU (The European Law Students’ Association) elkarteak antolatu dituen Kriminologiari buruzko III. Jardunaldietan izango da. Jardunaldiak bihar eta etzi, ostegunean eta ostiralean, egingo dira Bilboko “La Bolsa” eraikinean. Hitzaldi horien helburua da unibertsitateko ikasleak delinkuentzia-esparru desberdinen eta jardunbide juridikoaren errealitatera hurbiltzea, arlo horretako adituek emandako hitzaldien bidez.
Parte hartuko duten hizlarien artean Ertzaintzako hiru agente daude. Hermelo Molerok, Bilboko Ertzain-etxeko Droga Taldeko buruak, drogekin zerikusia duten delituen ikerketa-prozesuei buruzko hitzaldia emango du ostegunean.
Ostiralean, berriz, poliziaren hitzaldiek zibersegurtasuna eta kriminaltasun-modu berriak izango dituzte hizpide, bai eta Euskadiko gaizkile-talde gazteak ere. Lehenengoa Aitor Ercillak, Zibersegurtasuna Koordinatzeko Burutzako buruak emango du, eta bigarrena Iñaki Zabalak, Inteligentzia Bulego Nagusiko analistak.
Inaugurazio-saioa bihar, osteguna, arratsaldean izango da, Yohn Jauregiko ekitaldi-aretoan egingo den harrera eta irekiera saioarekin, eta, ondoren, mahai-inguru bat izango da. EHUko gradu desberdinetako ikasleen prestakuntzara bideratutako jardunaldi horietan Epailetzaren ordezkariek eta zuzenbideko espezialistek eta irakasleek parte hartuko dute, aipatutako Ertzaintzako agente horiez gain.
Aurten egingo direnak hirugarren jardunaldiak dira, eta Ertzaintzak beti parte hartu izan du, antolatzailea den ELSA UPV/EHU elkartearekin duen lankidetza onari esker, eta horrek eragina du parte hartzen duten ikasleak hobeto prestatzen. Aurten programatutako jarduera guztietarako lekua agortu da.