26_0331 Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon hiru etxetan lapurreta egiteagatik

Ertzaintzako agenteek bi gizon atxilotu dituzte, Bizkaiko hiriburuko hainbat etxebizitzatan indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Atxilotuei, gakordeak erabiliz, gutxienez hiru etxebizitzatan lapurreta egitea leporatzen diete. Uste da pertsona horiek etxebizitzetako lapurretetan espezializatutako talde ibiltari batekoak direla.

Joan den astelehenean, hilaren 27an, bi lapurreta egin zituzten Bilboko etxebizitzetan, bat Indautxu auzoan eta bestea Abando auzoan. Antza denez, etxeetan sartzeko ateko sarrailak manipulatu zituzten gakordeak erabiliz. Antzeko hirugarren lapurreta bat hurrengo egunean egin zuten Santutxu auzoan.

Erabilitako modus operandiagatik, etxebizitzetako lapurretetan espezializatutako talde ibiltari bat izan zitekeela susmatu zuten, eta barrura sartzeko ateetako sarrailak manipulatzen zituzten, kalte nabarmenik egin gabe.

Bilboko Ertzain-etxeko ondarearen aurkako delituen taldeak egindako ikerketei esker lortu zuten egitate horietan inplikatuta egon zitezkeen bi gizonak aurkitzea. Astearte arratsaldeko lehenengo orduan identifikatu zituzten biak, eta bitxiak, eskudirua eta delitu horiek egiteko erabili ahal izan zuten gakorde-sorta bat aurkitu zizkieten. Ebidentzia horien aurrean, bi gizonak atxilotu zituzten indarra erabiliz etxebizitzan lapurreta egitea leporatuta.

Atzo, asteazkena, epailearen baimenarekin, agenteak bi susmagarriak ostatu hartuta zeuden lekuan sartu eta miaketa egin zuten, eta ustez legez kanpoko jatorria zuten hainbat bitxi konfiskatu zituzten.

Ikertzaile taldeak ikertzen jarraitzen du, bi pertsona horiek antzeko beste lapurreta batzuetan ere inplikatuta ote dauden jakiteko.

Bi atxilotuak, 34 eta 37 urtekoak, europar jatorrikoak dira, eta atzo arratsaldean jarri zituzten epailearen eskuetan.