Ertzainek 53 urteko emakume bat atxilotu dute bitxiak ebastea eta bankuko txartel batekin iruzur eginez dirua ateratzea eta zordunketak egitea leporatuta. Txartela emakumeak Arabako herri horretako etxe batean zaintzen zuen adineko bikote batena zen.
Joan den apirilaren amaieran jarritako salaketa baten ondorioz, Ertzaintzak jakin zuen Laudion bizi zen eta 84 urteko gizon batek eta 81 urteko emakume batek, biak espainiar nazionalitatekoak, osatutako bikote bati bitxiak eta dirua lapurtzen aritu zirela hainbat denboran. Emandako informazioaren arabera, etxetik urrezko hainbat pieza, besteak beste, zintzilikarioak, eraztunak, belarritakoak, eskumuturreko bat eta erloju bat, falta zitzaizkiela konturatu ziren. Gainera, jabetu ziren duela gutxi kutxazain automatikoetan dirua atera zutela eta zordunketak egin zituztela pertsona horien bankuko txartel batekin, baina eragiketa horiek ez zituztela eurek egin. Mugimendu ekonomiko horien zenbatekoa 8.000 eurotik gorakoa zen.
Laudioko Ertzain-etxeak zegokion ikerketa hasi zuen egitateak argitzeko. Horrela, jakin ahal izan zuten bankutik dirua atera zuen eta txartela iruzurrez erabili zuen pertsona biktimen etxean zaintzaile gisa lan egiten zuen emakumea zela. Gainera, egindako ikerketen ondorioz, egiaztatu ahal izan da emakumeak bigarren eskuko eta urrea eta bitxiak salerosteko establezimenduetan, batez ere Bizkaian, saldu zituela lapurtutako bitxiak.
Lapurrak, 53 urteko emakume latinoamerikarrak, etxean zaintzen zituen pertsonak adina dela-eta kalteberak zirela aprobetxatuz, biktimen bankuko txartela, antza denez, pixkanaka eta haiek ohartu gabe erabili zuen joan den otsailetik. Bitxiei dagokienez, lapurretak aurretik hasi ziren.
Atzo, astelehena, arratsaldean, atxilotu zuten inplikatua. Eta gaur, asteartea, beharrezko polizia-eginbideak amaitutakoan, jarri dute epailearen eskuetan.
Ertzaintzak zabalik du egitate horiei buruzko ikerketa.