Ertzaintzako agenteek 34 urteko gizon bat atxilotu dute gaur goizean beste gizon bati arma zuri batekin lesioak eragiteagatik. Erasoa Gasteizko Adurtza auzoan, biak bizi diren lonja batean, gertatu da. Biktima ospitalera eraman behar izan dute, eta jostura-puntuak eman dizkiote.
Erasoa gauerdian gertatu da biktima eta erasotzailea beste pertsona batzuekin batera bizi diren lokal batean. Bertaratu diren patruilei emandako informazioaren arabera, antza denez, biak eztabaidan ari zirenean, erasotzaileak arma zuri batekin ebakiak egin dizkio sorbaldan eta ipurmasailean.
Zaurietatik odola dariola zegoenez, biktima, magrebtar jatorriko 26 urteko gizona, Txagorritxu ospitalera eraman dute eta jostura-puntuak eman behar izan dizkiote.
Bestalde, polizia-dotazioak erasoaren ondoren alde egin duen gizonaren bila hasi dira. Lonjan matxete bat, ustez liskarrean erabilitako arma, aurkitu dute.
Goizeko zazpi eta erdiak aldera, gizona lonjara itzuli da, eta bertan identifikatu eta atxilotu dute. Atxilotua magrebtar jatorriko 34 urteko gizona da, eta polizia-aurrekariak ditu, batez ere jabetzaren aurkako delituengatik.
Beharrezko polizia-eginbideak amaitutakoan, atxilotua Epaitegira eramango dute.