26_0354 Gizon bat atxilotu dute lapurtutako bitxiak dokumentazio faltsutuarekin Donostiako establezimendu batean saldu ondoren

Atxilotuak iruzurrezko beste bi salmenta egin zituen saltoki berean joan den hilean

Gizon bat atxilotu dute lapurtutako bitxiak dokumentazio faltsutuarekin Donostiako establezimendu batean saldu ondoren

Prentsa zerbitzua

2026-05-08

Ertzainek gizon bat atxilotu dute iruzur-delitu bat eta dokumentuak faltsutzearen beste delitu bat leporatuta, lapurtutako bitxiak Gipuzkoako hiriburuko erdialdeko urre-salerosketako lokal batean saltzeagatik. Atxilotua transakzioa errepikatzen saiatu zen, faltsututako nortasun-argiri batez baliatuz.

Susmagarria astearte arratsaldean atxilotu zuten, urrezko bitxiak saltzeko eragiketa bat egin zuen merkataritza-establezimendutik irten zenean. Ertzaintzaren patruila batek atxilotu zuen, identifikatzen ari zirenean agenteengandik ihes egiten saiatu bazen ere. Patruilak egiaztatu zuenez, urrezko eraztun bat saltzeko aurkeztu zuen nortasun-agiria faltsututa zegoen.

Susmagarria atxilotzea ahalbidetu duen ikerketa joan den apirilean hasi zuten, Ertzaintzak jakin zuenean Donostiako erdialdeko urre-salerosketako lokal batean saldutako bitxi batzuk hiriko etxebizitza batetik lapurtutakoak zirela.

Ikerketaz arduratu ziren agenteek egiaztatu zutenez, 1.589 euroko eragiketa egiteko aurkeztutako agiria orain dela hiru urte titularrari lapurtutako NAN bat zen, eta aldatuta eta faltsututa zegoen ustez legez kontrako jarduerak egiteko.

                               Atxilotuak hainbat identitate faltsu erabiltzen zituen

Zaintza- eta alerta-dispositiboari esker, pertsona hori astearte honetan atxilotu zuten salmenta egin zuenean. Delituan berrerorlea zen, hainbat identitate erabiltzen zituen eta ez zuen bizileku ezagunik, kontrol poliziala eta judiziala saihesteko.  Polizia-ikerketek argitu dutenez, pertsona horrek dokumentazio faltsua erabili zuen erakunde digitaletan banku-kontuak irekitzeko, legez kontra eta iruzur eginez lortutako dirua bideratzeko.

Atxilotua magrebtar jatorriko 25 urteko gizona da, eta iruzur-delitu bat eta dokumentuak faltsutzearen beste delitu bat leporatu dizkiote. Gainera, Oiartzungo eta Irungo etxebizitzetan egindako hainbat lapurretarekin lotuta dago ustez, bai eta indarkeriaz egindako lapurretekin ere, Ertzaintzak egindako ikerketen arabera. Hori dela eta, seinalamendu eta errekisitoria ugari zituen, eta Donostiako epaitegiek bilatzeko eta atxilotzeko emandako hiru agindu judizial ere bazituen indarrean. Atxilotua gaur, ostirala, jarri dute epailearen eskuetan.

Aurkitu eta identifikatu dituzten lapurtutako bitxiak jada itzuli dizkiete euren jabeei.