Bi gizon atxilotu dituzte Getxon indarkeria erabiliz lapurtzeagatik

Ertzaintzako agenteek atzo Getxon indarkeria erabiliz egindako lapurretaren egileetako bi atxilotu dituzte. Atxilotuek, beste hirugarren gizonezko batekin batera, emakume bati eraso zioten telefono mugikorra lapurtzeko, eta, era berean, biktimari laguntzen saiatu zen haren lagun bat kolpatu zuten.

Atzo, astelehena, goizaldeko ordu biak eta hogei inguru, hiru gizonezko emakume batengana hurbildu ziren, Getxoko (Bizkaia) Algorta auzotik zebilenean. Ondoren aurkeztu zen salaketan jasotzen denez, dirua zuen galdetu zioten ezezagunek, eta horietako batek aurpegian jo zion ukondoarekin. Biktimaren lagun bat, pixka bat atzeraxeago zegoena, laguntzera hurreratu zen eta hura ere kolpatu zuten. Azkenean, neskari telefono mugikorra lapurtu eta bertatik ihes egin zuten.

Bi gazteek gertatutakoaren berri eman zioten SOS Deiak 112 zerbitzuari, eta erasotzaileei jarraitzen saiatu ziren. Handik minutu gutxira, polizia-patruila bat haiekin harremanetan jarri, eta, lapurretaren egileei buruz emandako deskribapenari esker, beste patruila bateko kideek aurkitu eta atxilotu zuten susmagarrietako bat.

Getxoko Ertzain-etxeko ikerketa-ataleko agenteek goizeko hamarrak eta erdi inguru aurkitu eta atxilotu zuten delitu horretan ustez inplikatuta zegoen bigarren susmagarri bat.

Atxilotuak, 23 eta 25 urtekoak, gaur goizean utzi dituzte epailearen esku.