Categorías: albisteak-berriak

Minbiziaren intzidentziak eta minbiziaren ondoriozko heriotza-tasak behera egiten jarraitzen dute Euskadin

MINBIZIAREN AURKAKO MUNDU EGUNA – OTSAILAREN 4a

  • Euskadin, urtean 14.000 minbizia-kasu berri diagnostikatu ziren, ohikoenen artean daude: kolon-ondestekoa, bularrekoa, prostatakoa eta birikakoa

  • Nabarmen jaitsi da minbiziaren ondoriozko heriotza-tasa, baina Euskadiko heriotza-kausa nagusia izaten jarraitzen du. Euskadiko biztanleriaren % 27 hiltzen da minbiziak eraginda

  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak prebentzioaren eta ikerketaren garrantzia nabarmendu du, heriotza-tasa murrizten jarrai dadin, biziraupena handitu dadin eta pazienteei ematen zaien arreta hobe dadin

Euskadin, minbiziak eta gaixotasun horren ondoriozko heriotza-tasak beheranzko joerari eusten diote, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak otsailaren 4an, igandea, Minbiziaren Aurkako Mundu Eguna dela eta, gaur jakinarazi dituen datuen arabera.

Hala ere, minbizia da, oraindik ere, Euskadiko heriotza-kausa nagusia. Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren % 27,4 minbiziaren ondorioz hiltzen da. Hori dela eta, Osasun Sailak aditzera eman du garrantzi handikoa dela Euskadiko Plan Onkologikoaren barruan, eta batik bat prebentzioaren eta ikerketaren arloan, lanean jarraitzea, heriotza-tasa murrizten jarrai dadin, biziraupena handitu dadin eta pazienteei ematen zaien arreta hobe dadin.

MINBIZIAREN INTZIDENTZIA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN

2014 eta 2018 artean, guztira 71.069 minbizia-kasu diagnostikatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, hau da, 14.214 kasu berri urtean (8.230 gizonengan eta 5.984 emakumeengan), eta intzidentzia-tasa gordina 100.000 gizoneko 778,8koa izan da, eta 100.000 emakumeko 535,1ekoa. Intzidentziaren % 50 ohikoenak diren lau lokalizazio hauetan dago: kolon-ondestea, bularra, prostata eta birika.

Tumore gaiztoen intzidentzia-tasaren bilakaeraren arabera, 2001-2018 aldian, gizonezkoen artean, progresioa ez da uniformea izan; lehen urteetan, hau da, 2012ra arte, urteko % 0,3 igo zen, eta, ordutik 2018ra arte, urtean % 1,9 jaitsi zen. 2012. urteko inflexio-puntu hori kolon-ondesteko tumore-tasaren beherakada handiaren ondoriozkoa izan da. Emakumeen kasuan, 2013ra arte, urteko % 1,8ko igoera nabarmena izan da, eta, ordutik aurrera, % 0,3ko jaitsiera txikia 2018ra arte. Biriketako minbiziaren intzidentzia nabarmen hazi da.

HERIOTZA-TASAREN BILAKAERA

Heriotza-tasari buruzko datuei dagokienez, 2018-2022 bosturtekoan, Euskal Autonomia Erkidegoko 30.799 biztanle hil dira minbiziaren ondorioz. Horrek esanahi du urtean batez beste 6.160 heriotza izan direla minbiziaren ondorioz (3.674 gizon eta 2.486 emakume); heriotza-tasa gordina 100.000 biztanleko 344,9koa da gizonezkoen artean eta 220,5ekoa emakumezkoen artean.

Bi sexuetan lokalizaziorik ohikoenak birika, kolon-ondestea, pankrea, prostata eta maskuria izan dira. Bost lokalizazio horiek minbiziak eragindako heriotza-tasaren % 50 hartzen dute.

Azken bi hamarkadetan heriotza-tasak izan duen bilakaerari erreparatzen badiogu, gizonen minbiziaren ondoriozko heriotza-tasaren beherakada mantendu egin da aldi osoan; jaitsiera hori urteko % 0,8koa izan da lehen urteetan —2013ra arte hain zuzen ere— eta urteko % 2,4koa 2013tik 2022ra bitartean. Gizonen artean, nabarmen jaitsi da kolon-ondesteko minbiziak (% 4,1) eta biriketako minbiziak (% 1,8) eragindako heriotza-tasa. Aitzitik, gora egin du pankrea-minbiziak gizonen artean eragindako heriotza-tasa, % 1,1 hain zuzen ere.

Emakumeen kasuan, tumore gaiztoek eragindako heriotza-tasa txikiagoa izan da aldi osoan, urteko % 0,3 txikiagoa. Emakumezkoen artean kolon-ondesteko minbiziak eragindako heriotza-tasak behera egin du nabarmen; biriketako minbiziak, berriz, gora egin du, % 6,8 2010era arte eta % 2,7 urte horretatik 2022ra arte.

BULARREKO, ZERBIXEKO ETA KOLONEKO MINBIZIA BAHETZEKO PROGRAMAK

Intzidentzia eta heriotza-tasa murrizteko bide horretan aurrera egingo bada, garrantzi handikoa da prebentzioaren garrantzia nabarmentzea. Agerikoa da euskal osasungintzak tabako- eta alkohol-kontsumoa murrizten laguntzen duten programekin duen konpromisoa, baita jarduera fisikoa eta ohitura osasungarriak sustatzearekin duen konpromisoa ere, minbiziaren eta beste gaixotasun batzuen arrisku-faktore nagusiak saihestu daitezen.

Era berean, Euskadik garatzen dituen baheketa-programen garrantzia azpimarratu behar da, programa horiei esker lortzen baita bularreko, zerbixeko eta koloneko minbizia garaiz detektatzea.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

26_0286 Gizon bat atxilotu dute Bilbon telefono mugikorrak lapurtzeagatik eta horien jabeen banku-kontuetatik dirua ateratzeagatik

Joan den igandean, apirilaren 12an, Bilboko Ertzain-etxeko agenteek 21 urteko gizon bat atxilotu zuten, telefono…

12 horas hace

26_0285 Santurtziko taberna batean lapurreta egiteagatik atxilotu dute

Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu dute, orain dela sei egun indarra erabiliz egindako lapurreta bat…

15 horas hace

26_0284 Joko-aretoetako erruleta-makinak manipulatzen zituen talde kriminal bateko burua atxilotu dute Irunen

Ertzaintzak 29 urteko gizon bat atxilotu zuen joan den ostegunean Irunen, joko-areto batean makinak manipulatzen…

15 horas hace

26_0283 Oiartzunen gizon bat atxilotu dute zirkulatzen ari ziren bi ibilgailutan kalteak egiteagatik

Ertzainek 24 urteko gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean Oiartzunen kalte-delitu bat leporatuta, industrialde batetik…

15 horas hace

«Hondakinik gabeko jolasak» sendotu egin dira Barakaldon, 4,74ko batez besteko balorazioarekin bere hirugarren edizioan

Alba Delgado Barakaldoko Udaleko Garapen Iraunkorreko eta Ingurune Naturaleko zinegotziak «Hondakinik gabeko jolasaldiak» (Hondakinik gabeko…

15 horas hace

Barakaldoko Udalak ETSri eskatzen dio premiaz jardun dezala Burtzeña eta Irauregi arteko trenbidearen hondatze larriaren aurrean

Amaia del Campo alkateak gutun bat bidali dio ETS – Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiari,…

15 horas hace