Categorías: albisteak-berriak

Nerea Melgosa: «Beren bizitza eman zutenen balio berberekin konprometituta gaude: askatasuna, demokrazia, justizia soziala eta giza eskubideak»

Nerea Melgosa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Gerra Zibileko gudulari baten hezurrak lurpetik ateratzeko lanetan izan da Saibi mendiaren tontorretik gertu, Abadiñon.

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Prospekzio Taldeak beheko gorputz-adar batekoak diren bi hezur aurkitu eta berreskuratu dituzte. Dirudienez, femur bakarra da, bitan hautsia, baina ondorengo analisi antropologikoak zehaztuko du. Aurkikuntza Saibi mendiaren tontorretik (954m) gertu dago, zoruaren gainazaleko geruzan, pista batetik gertu.

Sailburuarekin batera izan dira Memoria, Giza Eskubide eta Lankidetzarako sailburuorde José Antonio Rodríguez Ranz eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro. Haiekin batera, gorpuzkiak berreskuratzeko lanak ikusten, zonaldeko borroketan desagertutako gudari eta milizianoen senideak egon dira. Gogora Institutuak 11 desagerturen senideekin du harremana, gorpuzkien identifikazioa ahalbidetzeko.

1937ko apirilaren 6tik 15era bitartean Saibigain mendiaren Saibi tontorra, ikuspuntu militarretik estrategikoa zena, kontrolatzearen ondorioz inguru horretan izandako borroka gordinei buruz hitz egiten dute Gerra Zibilari buruz gordetzen diren dokumentazioek eta testigantzek. Hainbat argitalpenek, gainera, gudu ezberdinen ondoren lekua hilotzez josita geratu zela erakusten dute. Hortik dator Saibigaini erreferentzia egiteko «odolaren mendia» ezizena.

Nerea Melgosa sailburuak, lehenik eta behin, «askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren alde bizia eman zuten gudarien sakrifizioaz» hitz egin du. «1937ko apirilaren 14a eta Saibigaineko bataila, ‘odolaren mendia’, Euzkadiko Gudarostearen borrokaren data heroikoenetako bat dira, zorretan gaude belaunaldi harekin, zor hori kitatu nahi dugu, ahal dugu eta behar dugu» gaineratu du.

Sailburuaren hitzetan, gorpuzki horiek bilatu, aurkitu, lurpetik atera eta identifikatzea da hori egiteko lehen urratsa. Beharrezkoa da, Melgosaren ustez, haiei omenaldia egitea ere «haien lekukoa jasoz, eta gu ere konprometituz 2024an, hemen Saibigainen, beren bizitza eman zutenen balio berberekin: askatasuna, demokrazia, justizia soziala eta giza eskubideak».

Euskal Prospekzio Taldeak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Gogora Institutuak egindako lana eskertu eta aitortu ondoren, Nerea Melgosak iragarri du inguru horretako lanak datozen hilabeteetan luzatuko direla, 2024rako Urkiolako parke naturaleko inguru horietan miaketa-baimena luzatu ostean.

Parke Natural gisa babestutako eremua denez, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak baimena eskatu zion Bizkaiko Foru Aldundiari prospekzio-lanak egin ahal izateko. Kanpainaren emaitza positiboa ikusita, Bizkaiko Aldundiak baimena berritu du lan horiekin jarraitzeko, sailburuak iragarri duen bezala.

Horrela, gaur lurpetik atera diren hezurrez gain, Euskal Prospekzio Taldeak egindako miaketa-kanpainan metraila-hondarrak, munizioa eta objektu pertsonalak aurkitu dira, hala nola hebillak eta borrokalarien janzkeraren hondar metalikoak.

Gerra Zibileko desagertuen bilaketa programa

Gogoraren Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programaren barruan, azken hogei urtean Gerra Zibilaren eta errepresio frankistaren 296 biktima berreskuratu dira, eta horietatik 50 identifikatu. Gogorak Aranzadi Zientzia Elkartearen bidez egiten ditu gorpuzkiak hobitik ateratzeko eta auzitegi-antropologiako lanak eta UPV/EHUko Biomics laborategi genetikoaren bidez, DNA laginak kontrastatuz identifikazio genetikori dagozkionak.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Gizon bat atxilotu dute Errenterian beste gizon bat hiltzen saiatzeagatik

Ertzaintzako agenteek 36 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, hilketa saiakera egotzita. Dirudienez, inplikatuak arma…

3 horas hace

Prostituzioan aritzen diren emakumeak dauden etxebizitzetan indarkeriaz lapurretak egiten dituen talde kriminal bateko bi kide atxilotu dituzte

Ertzaintzaren eta Polizia Nazionalaren arteko operatibo bateratu bati esker, biktimak prostituzioan aritzen ziren etxebizitzetan indarkeriaz…

18 horas hace

Ertzaintzak 198 adingabe atxilotu zituen 2025ean, atxiloketa guztien % 2,14 izan ziren

26_0069 Ertzaintzak 198 adingabe atxilotu zituen 2025ean, atxiloketa guztien % 2,14 izan ziren Ertzaintzak 198…

18 horas hace

Bilbon gizon bat atxilotu dute beste gizon bati sexu-erasoa egiteagatik

Ertzaintzak 43 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo arratsaldean, sexu-askatasunaren aurkako delitua leporatuta. Atxilotuak labana…

18 horas hace

Ertzaintzak emakume bat atxilotu du Bilbon, bikotekidea hiltzeagatik

26_0068 La Ertzaintza detiene en Bilbao a una mujer por el homicidio de su pareja…

18 horas hace

Gasteizen gizon bat atxilotu dute kokaina eta haxixa edukitzeagatik

Ertzainek 24 urteko gizon bat atxilotu dute Arabako hiriburuan osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta, kokaina…

18 horas hace