Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUk indarkeria matxistaren biktimen arriskua baloratzeko polizia-tresna eguneratuko dute

• Gizarte-psikologian aditua den talde batek indarkeria matxistaren gaur egungo inguruabarrei buruzko informazioak eta datuak bildu eta ikertuko ditu, biktima baten benetako arrisku-egoera zein den sakontasunez jakiteko.

• Informazio hori polizia-sistemetara irauliko da, eta adierazle-sistema zehatz eta erabilerraz baten bitartez, euskal poliziek biktima bakoitzaren arriskua baloratu eta haren babes-neurriak hobetu ahal izango dituzte.

• Ertzaintzaren Emakumeak indarkeria matxistaren aurrean modu integralean babesteko plan estrategikoan aurreikusitako proiektuetako bat da.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Segurtasun Sailaren 2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa. Testu hori, urtero bezala, web-orrian argitaratuko da jendeak kontsultatu ahal izateko, eta argi eta garbi azalduko dira aurten Segurtasun Sailarekin lotutako elkarteek, erakundeek edo organismoek jasoko dituzten dirulaguntza guztiak.  

Planak 14 jarduera-lerro barne hartzen ditu, eta horien artean nabarmentzen da, berritasun gisa, UPV/EHUk Ertzaintzarekin egingo duen lana indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arrisku-maila baloratzeko polizia-tresna berri bat lantzeko. Balorazioa modu zientifikoan egingo da, baina poliziak erraz erabili ahal izateko tresna bat izango da. Ikerketa-lan handi horretan Jaurlaritzak 440.000 euroko inbertsioa egingo du 2027ra arte; izan ere, tratu txar matxisten Euskadiko egungo errealitateari buruzko analisi zorrotza, zehatza eta sakona egin behar da, bai eta emakumeek biktima izateko duten arriskua baldintzatzen edo areagotzen duten faktoreei buruzkoa ere. Azken batean, indarkeria matxistaren mota eta profil guztiak modu sistematikoan eta berrituan ezagutu nahi dira biktimak babestu ahal izateko.  

Lan hori egiteko, Ismael Alberto Loinaz Calvok, Psikologian doktorea eta Kriminologian lizentziaduna denak, UPV/EHUko Gizarte Psikologia Saileko ikerketa-talde bat lideratuko du, eta berez jada hasita dago gaur egun indarkeria matxista zein inguruabarretan gertatzen den jakiteko informazioak eta datuak biltzen. Aurrerago, informazio hori Ertzaintzak arriskua ebaluatzeko erabiltzen dituen sistemetara irauliko da eta Euskadiko udaltzainen eskura ere jarriko da, adierazle-sistema ahalik eta zehatzenaren bidez, poliziek emakume bakoitzaren arriskuak modu zehatzagoan baloratu ahal izan ditzaten, indarkeria-egoera larriak gertatzeko probabilitate handiagoa duten egoerak kontuan hartu ahal izan ditzaten eta, modu horretan, biktima bakoitzaren behar espezifikoen arabera, babes-neurri egokienak eta zehatzenak har ditzaten.  

Tresna berriak nabarmen eguneratuko du egungo polizia-sistema, Bikotekidearen kontrako indarkeria larriaren arriskua iragartzeko eskala izenekoa. Bere garaian tresna hori ere UPV/EHUk diseinatu zuen eta Ertzaintzak 2007an jarri zuen abian. Tresna berriak jauzi kualitatibo bat eskainiko du, Euskadin gertatzen diren gizarte-errealitate eta indarkeria matxistaren forma berriak hartuko baititu kontuan.  

Istanbulgo Hitzarmena

Beste berritasun nagusietako bat da tresna berriak indarkeria matxistaren adierazleak Istanbulgo Hitzarmenarekin bat etorriz txertatuko dituela polizia-lanean. Gainera, genero-indarkeriako eta etxeko indarkeriako delitu espezifikoez gainera, emakumearen aurkako indarkeria-modu ezberdinak ere izango dira kontuan: indarkeria fisikoa, sexuala eta psikologikoa, zelata, sexu-jazarpena, emakumeen genitalen mutilazioa eta derrigorrezko ezkontza, abortua eta esterilizazioa.

Ekimen hori edozein eratako indarkeria matxista jasaten duten emakumeen egungo arreta hobetzen jarraitzeko Ertzaintza osatzen ari den Emakumeak indarkeria matxistaren aurrean modu integralean babesteko plan estrategiko berriko ekintzetako bat da. Lan hori Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak gainbegiratuko du, eta aurreikusten den urte anitzeko gastua honela banatuko da: aurten, 2024an, 100.000 euro, 2025ean 125.000 euro, 2026an 120.000 euro eta 2027an 95.000 euro.

Gainerako diru-laguntzak

Berritasun horretaz gainera, 2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak proiektuak finantzatzen jarraituko du Segurtasun Sailaren ardatz estrategikoen esparruan:

  1. Herritarrek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman borondatez parte hartzea sustatzea eta bultzatzea. Eusko Jaurlaritzaren helburua da euskal sare horretan sartzea larrialdi-egoeretan pertsonei laguntza ematen edo ondasunak hornitzen lankidetzan aritzen diren erakunde guztiak:
    • Gurutze Gorria, 471.600 €
    • DYA, 155.000 €.
    • Euskadiko Laguntza Txakurren Taldea, 36.000 €
    • Euskal Espeleologoen Elkargoa, 15.000 €
    • Mendiko Euskal Federazioa, 25.000 €
  1. Informazio ozeano-meteorologikoa lortzeko ikerketa itsasertzeko itsas-inguruneko plataformen bidez. Laguntza-lerro honi esker, Eusko Jaurlaritzak portuetan kokatuta dauden plataformetako, ur sakonetako buietako, kostaldeko radar-sareko eta kostaldeko bideometria-sistemako informazioa biltzen du. Horren bidez, egin ditzake itsasoaren eta itsasertzaren portaerari buruzko aurreikuspenak, arriskuei buruzko iragarpenak, etab.
    • AZTI Fundazioa, 195.000 €.
  1. Mugikortasun segurua eta iraunkorra sustatzea. Eusko Jaurlaritzaren helburua da sentsibilizazio-kanpainak abiaraztea zirkulazio-istripuak prebenitzeko, bai ikastetxeetan, bai bidean arriskua duten beste kolektibo batzuetan.
    • AESLEME, Bizkarrezur Muineko Lesioak Ikertzeko Elkartea, 45.000 €
    • Baketik Fundazioa, 45.000 €
  1. Joko-adikzioen ondorio diren arriskuen prebentzioa. Eusko Jaurlaritzak ludopatiari aurrea hartzeko, jokoarekin lotutako arriskuak murrizteko eta prebentzio-proiektuak lantzeko lanean ari diren erakundeen laguntza du.
    • Ludopatiari buruzko informazio- eta prebentzio-jarduerak abian jartzeko irabazi-asmorik gabeko Euskadiko elkarte pribatuen proiektuei laguntzeko deialdia, 100.000 €
    • UPV/EHU, Jokoaren Euskal Behatokiaren ikerketa-programa finantzatzeko, 100.000 € 
  1. Kriminologia ikerketa eta ikasketa sustatzea. Dirulaguntza publikoen ardatz honen bidez, Eusko Jaurlaritzaren helburua da Euskadiko kriminalitatea hobeto ezagutzea, prebenitzea eta desagerraraztea. Gainera, arreta berezia eskainiko zaie gorroto-delituei, berdintasuna, tolerantzia eta elkarbizitzarekiko begirunea hedatzeko eta ezartzeko.   
    • UPV/EHU, Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO katedra, 30.000€.
    • UPV/EHU, Instituto Vasco de Criminología / Kriminologiaren Euskal Institutua (IVAC-KREI), 125.000€
  1. Ertzaintzako langileek polizien eta suhiltzaileen jokoetan parte har dezaten sustatzea eta bultzatzea. Eusko Jaurlaritzaren helburua da kirol-esperientziak partekatzea, poliziako eta larrialdietako kidegoen arteko laguntasuna sustatzea eta, batez ere, forma fisiko onari eustea Ertzaintza barruan.
    • Kirol-lehiaketetan parte hartzen duten Ertzaintzako kirolarientzako laguntzak, 20.000 €

Jaitsi Dokumentua