Zornotza, bi pertsona atxilotu dituzte taberna batean substantzia sorgorgarriekin trafikatzea leporatuta

Ertzaintzako agenteek 49 eta 52 urteko bi gizon atxilotu dituzte Zornotzan, drogarekin trafikatzea leporatuta. Polizia-baliabideek hainbat substantzia, horien artean, kokaina eta haxixa, aurkitu dituzte ostalaritza-establezimendu batean. Txakur Unitateak ere parte hartu du miaketetan.

Droga-trafikoaren aurkako Ertzaintzaren prebentzio-lanaren barruan, atzo, osteguna, operatibo bat jarri zuten abian Zornotzan, bertako ostalaritza-establezimendu batean substantzia sorgorgarriak saltzen ari zirela egiaztatu ondoren.  

Ertzainek tabernako barraren barruan zeuden bi gizon identifikatu zituzten, eta delituarekin lotutako hainbat ebidentzia hartu zizkieten, horien artean doitasun-balantzak; prentsatutako substantzia bat, ustez kokaina, 20 gramo inguru; 73 gramo haxix; pilula batzuk; bi mila eurotik gora billetetan banatuta; eta egindako operazioen oharrak zituzten libretak.

Ertzaintzaren Txakur Unitateak ere parte hartu zuen miaketetan, droga detektatzen trebatutako bi txakurrekin, eta sukaldean substantzien arrastoak aurkitu zituzten, bai eta substantzia begetal bat, ustez marihuana, zuen ontzi bat ere inplikatuetako baten ibilgailuaren eserlekuaren azpian.

Ebidentzia horien aurrean, patruilek atxilotu egin zituzten identifikatutako bi gizonak, droga-trafikoa leporatuta. Durangoko Ertzain-etxean eginbideak amaitutakoan, bi atxilotuak gaur, ostirala, jarri dituzte epailearen eskuetan.