Getxon droga-trafikoagatik atxilotu dute, Ertzaintza, epailearen aginduz, arrazoi berberagatik, taberna bat zigilatzera zihoanean

Ertzaintzak 38 urteko gizon bat atxilotu du Getxon, substantzia sorgorgarriekin trafikatzea leporatuta. Gizona Algortako ostalaritza-establezimendu baten ondoan atxilotu dute, ertzainak, legez kanpoko jarduera horregatik, epaitegiaren aginduz, lokala zigilatzera zihoazenean.

Gizona joan den ostegunean atxilotu zuten Algorta auzoan, Getxoko Ertzain-etxeko baliabideak, epailearen aginduz, taberna bat zigilatzera zihoazenean.  

Agenteak lokalera hurbildu zirenean, bi gizon terrazako altzariak instalatzen ikusi zituzten. Aurreikusitako polizia-jardueraren berri ematera gerturatu zitzaizkienean, gizonetako bat korrika ihes egiten saiatu zen, baina atzeman eta identifikatu egin zuten. Prebentziozko miaketan jakan substantzia bat, ustez haxixa, 40 gramo inguru, eta ustez kokaina zuten banakako 25 bilgarri aurkitu zizkioten. Hori dela eta, patruila batek atxilotu eta ertzain-etxera eraman zuen, eta atzo, ostirala, jarri zuten epailearen eskuetan.

Ertzaintza zigilatzera zihoan ostalaritza-lokalean operatibo bat egin zuten duela gutxi, urtarrilaren 26an, eta bertan beste bi gizon atxilotu zituzten substantzia sorgorgarriekin trafikatzea leporatuta. Atxilotu aurretik, inplikatuak kokaina- eta haxix-dosi batzuk instalazioetako hustubide batetik botatzen saiatu ziren.