2030ean Eguberri klimatiko neutroa izango du Donostiak

Isuriak konpentsatzeko, bertako zuhaitzak landatuko dira Larres parkean

Donostiako Eguberriak klimatikoki neutroak izango dira 2030ean, eta onartu berri den Klima Aldaketaren Euskal Legeak 2050. urterako ezartzen duen konpromiso orokorrari 20 urte aurreratuko zaizkio. Konpromiso horren lehen urrats gisa, Donostiako Udalak eta Donostia Sustapenak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailarekin lankidetzan, 2023-2024 Eguberrietako kanpainako karbono-aztarna neurtu dute lehen aldiz, eta Gabonetako Azokako emisioak konpentsatuko ditu Donostiako Altza auzoko Tomasene inguruko Larres Parkean zuhaitz autoktonoak landatuz.

Marisol Garmendia Ekonomiako, Bertako Enplegurako eta Ekologiako zinegotziak adierazi duenez, Donostia Sustapenak egindako karbono-aztarnaren azterketak berretsi egiten du hiriak abiapuntu ona duela, Eguberrietan ingurumenean nahiko eragin txikia baitu, argiztapena bezalako alderdietan hartutako neurriei esker. “Berotegi-efektuko gasen murrizketan eta konpentsazioan aurrera egiten jarraitu behar da, Eguberrietan emisiorik ez izateko, klima-aldaketari aurre egiteko eta ingurumena eta pertsonen osasuna babesteko. Gabonetako Azokako emisioen konpentsazioa hori lortzeko da lehen urratsa da”.

Kalkulua egiteko, kanpainako jarduerak hartu dira kontuan: Eguberrietako argiak, azoka, ferietako jolasak eta ikuskizunak. Horietan guztietan kontuan hartu dira energia-kontsumoa, kontratatutako zerbitzuak, eskuratutako materialak, kontratatutako pertsonen mugikortasuna eta sortutako hondakinak. Jardueren edo ekitaldien emisioak neurtzeko ISO 14064/2019 arauan oinarrituta dago metodologia.

Kalkuluaren arabera, Donostiako urteko emisioen % 70 tCo2e2e da. Azterlan horren arabera, “nahiko txikia” da inpaktua, eta 15 pertsonak urtean egindako emisioen edo Donostiatik Madrilera hegazkinez egindako 50 bidaiaren baliokidea da.