Irun, zerbitzutik kanpora zeuden bi ertzainek bi gizon atxilotu dituzte droga-trafikoagatik

Irunen 44 urteko bi gizon atxilotu dituzte osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta, zerbitzutik kanpora zeuden bi ertzainek haxixa salerosten harrapatu ondoren. Atxilotuetako batek ibaira bota zuen motxila, eta gero uniformedun baliabide batek berreskuratu zuen.

Astelehen arratsaldeko lehenengo orduan, Irungo Artia eta Dumboa auzoen artean,  zerbitzutik kanpora zegoen ertzain batek ikusi zuen substantzia sorgorgarrien trafikoagatik aurrekariak dituen gizon bat objekturen bat trukatzen ari zela beste gizonezko batekin.   

Ertzainak laguntza eskatu zion bertan zegoen lankide bati, hura ere zerbitzutik kanpora zegoena, eta susmagarrietako bat identifikatu zutenean, motxila barruan haxixa izan zitekeen substantzia marroi baten pare bat kilo aurkitu zizkioten. Bigarren ertzaina beste susmagarriaren atzetik abiatu zen eta honek, harrapatu zuenean, errekara bota zituen motxila eta telefono mugikorra.

Gertakarien lekura uniformedun patruilak hurbildu ziren eta motxila berreskuratu zuten, eta barruan lehenengo inplikatuari atzemandako substantzia bera, kilo bat inguru, aurkitu zioten, Viagra pilula batzuekin eta beste farmako batzuekin batera.   Pertsona horri egin zioten miaketan, 800 euro baino gehiago aurkitu zizkioten billete ezberdinetan banatuta, ustezko transakziokoak.

Bi gizonak osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta atxilotu zituzten, eta gero polizia-egoitzara eraman zituzten zegozkion polizia-eginbideei hasiera emateko. Horiek amaitutakoan, atxilotuak Irungo Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri zituzten, eta epaileak aske uzteko agindua eman zuen, kautelazko neurriak ezarrita.

Jaitsi erantsitako dokumentua