Categorías: albisteak-berriak

UPV/EHUk Kode Etikoa onartu du

Euskal Herriko Unibertsitateak badu bere Kode Etikoa, Gobernu Kontseiluak onartu berri baitu. Abian jarri den ekimena hau guztiz berria da gure unibertsitatean, eta Unibertsitate-komunitatea osatzen dugun pertsona guztiok inspiratu behar gaituzten printzipioak zehazten ditu. Besteak beste, jakintza sortu, kritikatu eta zabaltzeko duen konpromisoa adierazten da testuan. Halaber, zorroztasun zientifikoz eta zintzotasunez eta esfortzuan eta lankidetzaren aintzatespenean oinarrituta lan egiteko eskatzen du.

Kodeak dio unibertsitateko kideek balio hauei eutsi beharko dietela beren jardunean: berdintasunari, askatasunari, egiari, errespetuari, zerbitzu publikoari eta gizartearekiko konpromisoari, eta jasangarritasunari. Era berean, testuan adierazten da unibertsitateak konpromisoa hartzen duela jakintza sortu, kritikatu eta zabaltzeko; ikasleen heziketa osoa bultzatzeko; euskararen eta euskal kulturaren garapena eta normalizazioa sustatzeko; nazioarteko lankidetza indartzeko; premia bereziak dauzkaten pertsonen integrazioa bultzatzeko; bakea, justizia eta bizikidetza demokratikoa sustatzeko; eta gizartearen garapen jasangarria bultzatzeko, terrorismo eta indarkeria oro arbuiaturik. Halaber, gure erakundearen konpromisoa da emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatzea, beharrezko neurriak hartzea inor diskriminatua izan ez dadin, eta aniztasuna eta diferentzia errespetatzea.

Aipatu bezala, ekimen hau guztiz berria da euskal unibertsitate publikoaren barne araugintzan. Haren helburua da jokabide ildo batzuk ematea berton ikasten, irakasten, ikertzen edo kudeaketan diharduten guztientzat, eta, horretaz gain, tresna izatea unibertsitatearen arautegi guztien interpretaziorako, eta etorkizuneko erabakiak hartzeko gidari.

Kode berriak ez du izaera arauemailea, bere helburua izanik unibertsitateko kideen, organoen eta unibertsitatearekin harremanik izan ohi duten pertsona guztien jokabidearen eredu izatea, baina haren bidez interpretatu ahal izango dira UPV/EHUren funtzionamendurako indarrean dauden barne arauak. Bi lantalde, unibertsitateko sektore guztien ordezkariez osatuak, bi urte baino gehiago aritu dira testua sortzen.

Errektoreak abegi onez hartu du Kode Etikoaren onarpena: “Dokumentu hau ikaragarri garrantzitsua da, euskal unibertsitate publikoa osatzen dugun guztiok gidari izan behar ditugun printzipioak eta balioak zehazten dituelako. Gainera, azpimarratu beharra dago era honetako lehen testua dela Euskal Herriko Unibertsitatean, eta adostasun irmoa behar izaten dela halako dokumentuak sortzeko. Oraingoan babes zabala lortu dugu, kolektibo eta pentsaera desberdinetako pertsonena. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkiet proiektuan parte hartu duten pertsona guztiei beren ahaleginagatik. Beren ekarpenei esker, gaur geroz UPV/EHUk badu bere Kode Etikoa.

Gainera, kodeak ezartzen du, besteak beste, ikasleek esfortzua egin beharko dutela jakintza bereganatzeko eta ebaluazio probak behar bezala egiteko  “kopiatu edo plagiatu gabe, eta zintzotasun eta ahaleginarekin bateraezinak diren bitartekoak edo estrategiak baliatu gabe”, eta UPV/EHUk bere esku jartzen dituen baliabideak “behar bezala eta arduraz” erabili beharko dituztela. Irakasle-ikertzaileentzako portaera arauak ere ematen dira. Eskatzen zaie “zorroztasun zientifikoz eta zintzotasunez” lan egiteko, “esfortzuan eta lankidetzaren aintzatespenean oinarrituta, eta, betiere, beste inoren jakintza modu irregularrean baliatu edo plagiatu gabe”.

Unibertsitateko Bizikidetza Batzordea arduratuko da Kode Etikoa ezagutzera emateaz, eta, horretaz gain, etengabeko hausnarketa bultzatuko du printzipio etikoez, argituko ditu kodearen interpretazioaren inguruan sortzen diren zalantzak, identifikatuko ditu prozeduretan egon daitezkeen akatsak, eta aztertuko ditu kodearen kontrakoak izan daitezkeen portaerak, bai eta haien inguruko gomendioak eman ere.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Eusko Jaurlaritzak eskola-garraioaren zaintza indartuko du

Azaroaren 10etik 14ra bitartean, adingabeen ikastetxeetarako garraioaren kontrola areagotuko da. Besteak beste, segurtasun-uhalen erabilpena, ibilgailuetako…

8 horas hace

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Bergaran, atxilotzeko Europako agindu batengatik

25_0755 Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Bergaran, atxilotzeko Europako agindu batengatik Ertzaintzak gizon bat atxilotu…

8 horas hace

Ertzaintzak truke-jardunaldi batzuetan parte hartu du beste polizia batzuetako esku-hartze taldeekin

Aste honetan, Berroziko polizia-zentroan hainbat poliziatako esku-hartze taldeen arteko truke-jardunaldiak egin dira, eta Ertzaintzaren BBTrekin…

1 día hace

Gasteizen beste gizon bati sexu-erasoa egin dion gizona atxilotu dute

25_0753 Gasteizen beste gizon bati sexu-erasoa egin dion gizona atxilotu dute Gasteizen beste gizon bati…

2 días hace

Ertzaintzak 100 kilo kokaina eta metanfetamina zituen gizon bat atxilotu du Irunen

25_0752 Ertzaintzak 100 kilo kokaina eta metanfetamina zituen gizon bat atxilotu du Irunen Ertzaintzak 100…

2 días hace

Gizon bat ikertu dute Durangoko lonja batean substantzia sorgorgarriekin trafikatzeagatik

Ertzaintzako agenteek eginbideak ireki dizkiote, ikertu gisa, 68 urteko gizon bati osasun publikoaren aurkako ustezko…

2 días hace