Categorías: albisteak-berriak

Euskal Poliziak alkohol- eta droga-kontrolak indartuko ditu Pazko Astean

• Alkoholemia-proba batean positibo ematea arau-hauste oso larritzat hartzen da, eta 500 eurotik 1.000 eurora arteko isuna eta 6 puntu ere kentzea ekar dezake.

Ertzaintzak, udaltzaingoekin koordinatuta, alkohola eta drogak detektatzeko gidariei egiten zaizkien prebentziozko kontrolak indartuko ditu apirilaren 1etik 7ra bitartean, Pazko Astearekin bat etorriz, bat eta ekainaren 17tik 23ra bitartean ere.

Bide Segurtasunari buruzko Legeak eta Zirkulazio Araudi Orokorrak jasotzen dutenez, agintaritzak edo agintaritzako agenteek prebentziozko kontrol bat egitea eskatzen badiote gidari bati, gidari horrek nahitaez egin beharko du kontrola. Proba egiteari uko egiten badio, bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzi ahal izango zaio.

Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren arabera: “Alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzea izaten da Euskadin hildakoak eragiten dituzten istripuetan errepikatzen den faktoreetako bat, abiadurarekin edo arreta-galtzeekin batera. Horregatik da garrantzitsua era horretako prebentziozko kontrolak indartzea, istripuak saihesteko”.

Alkoholemia-kontrola

Alkoholemia-kontrolean airea botatzea eskatzen duten bi proba egiten dira, eta proba batetik bestera gutxienez 10 minutu utzi behar dira.

Errore-tarteak aplikatu ondoren:

  • Botatako airean 0,25 miligramo alkohol baino gutxiago agertzen bada (0,15 miligramo gidari profesionalentzat eta gidabaimenarekin 2 urte baino gutxiagoko antzinatasuna dutenentzat), gidariak bere ibilbidearekin jarraitu ahal izango du.
  • Botatako airean 0,25 (edo 0,15) miligramo alkohol baino gehiago eta 0,60 baino gutxiago agertzen bada, gidariak arau-hauste administratiboa egingo du. 0,60 baino gehiago agertzen bada, berriz, bide-segurtasunaren aurkako delitutzat joko da.
  • Agenteek alkohola edan izanaren zantzu nabariak antzematen badituzte, eta gidatzeko garaian eragina badute, gidariari bide-segurtasunaren aurkako delitua egoitziko diote, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.

Probaren emaitza positiboa bada, berriro egin ahal izango da proba –interesdunak eskatuta edo epaileak aginduta–, emaitzak alderatze aldera. Bigarren proba hori ahal dela osasun-langileek egingo dute odol-analisiaren bidez (behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik).

Probari uko egiten bazaio edo proba positiboa bada, ibilgailua ibilgetuko da, salbu eta beste pertsona batek gida badezake, betiere beste pertsona horri proba egin eta negatibo eman ondoren.

Proban emaitza positiboa emanez gero, arau-hauste administratibo oso larritzat joko da, eta 500 euroko zehapena ezarriko da eta gidabaimeneko 4 puntu kenduko dira emaitza 0,50 mg/l-koa edo txikiagoa bada, eta 1.000 euroko zehapena jarriko da eta 6 puntu kenduko dira 0,50 mg/l-koa baino handiagoa eta 0,60 mg/l-koa edo txikiagoa bada.

Droga-kontrola

Droga-kontrolaren prozedura antzekoa da, baina zenbait berezitasun ditu. Proba egiteko listu-lagin bat erabiltzen da. Probaren emaitza positiboa bada, laborategiko geroko analisi batean berretsi beharko da positibo hori.

Positiboa berretsiz gero, arau-hauste oso larria da, eta 1.000 euroko isuna eta 6 puntu kentzea ekar dezake.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

26_0303 Gasteizen gizon bat atxilotu dute droga-trafikoagatik, eta oinezko bati lapurreta egiteagatik ikertu dute

Ertzainek 28 urteko gizon bat atxilotu dute Arabako hiriburuan, haxixa zuten eta ustez saltzeko prestatuta…

5 horas hace

Rufus T. Firefly taldeak Zarauzko Modelo Aretoan eskainiko duen kontzerturako sarrerak agortu dira

Rufus T. Firefly taldeak datorren maiatzaren 22an Zarauzko Modelo Aretoan eskainiko duen kontzerturako sarrerak agortu…

5 horas hace

Euskararen Erabilera Sustatzeko Ekintza Planaren % 86 martxan edo eginda, bi urteko ibilbidearen balantze positiboa egin du Hondarribiko Udalak

Bi urte igaro dira Hondarribiko Udalak 2023-2027 legealdirako Euskararen Erabilera Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu…

5 horas hace

Liburuaren Eguna ospatzeko ekintzak Hondarribiko Liburutegian

Liburuaren Eguna dela eta, Hondarribiko liburutegiak hainbat ekintza antolatu ditu irakurzaletasuna sustatzeko eta herritarren parte-hartzea…

5 horas hace

Arrestado un conductor en la AP-8 por trasladar ilegalmente a ocho personas en una furgoneta robada

La Ertzaintza ha interceptado en el área de servicio de Oiartzun a un varón de…

5 horas hace