Alegria-Dulantziko landa-eremuan enplegua sustatzeko proiektu bat garatzeko dirulaguntza onartu da (Gobernu Bilera 2024-4-16)

Gobernu Kontseiluak 60.000 euroko dirulaguntza emateko baimena eman du gaur, Alegria-Dulantziko landa-eremuan enplegua sustatzeko proiektu bat abian jartzeko.

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, berretsi egin da Lautada Landa Garapeneko Elkarteari zuzeneko dirulaguntza hau emango zaiola «Lautada Ekin Erausquyn de Alegria-Dulantzi» proiektu esperimentala abian jartzeko. Ekimen eta lankidetza publiko-pribaturako espazio bat sortzean datza, ohitura osasungarriei, ongizateari eta nutrizioari lotutako enpresa-proiektuak sustatu, bultzatu eta sendotzeko, bereziki emakumeen ekintzailetzara bideratuta. Zehazki, lantegi bat jarriko da martxan, sukalde-espazioarekin, prestakuntza-espazioarekin, erabilera anitzeko gela batekin, coworking espazio batekin eta produktuak banatzeko gune batekin.

Ekimen hau enplegua sustatzeko bide berrien barruan kokatzen da, batez ere landa-eremuetan. Legealdi honetan Lehendakariordeak zuzentzen duen Sailak ireki ditu, eta 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategian eta 2021-2024 aldirako Enplegu Plan Estrategikoan jasota daude, trantsizio teknologiko, energetiko eta demografikoei aurre egiteko.

Dirulaguntzaren emakidadunak, Lautada Landa Garapeneko Elkarteak, Arabako Lautadako eskualdeko garapen sozioekonomikoa eta bizi-baldintzak eta zerbitzuen hornidura hobetzea du helburu, eta, bereziki, sektoreek parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko bide izatea, helburu horiek betetzera bideratutako programak sustatu, egin eta gauzatzeko. Zuzeneko dirulaguntza ematea interes publiko, sozial eta ekonomikoko arrazoiengatik eta izaera bereziagatik ematen da.