Lan eta Enplegu Sailak pertsonak gizarte-sustraitzearen bidez gizarteratzeko eta laneratzeko programa agindu dio Sartu Taldeari (Gobernu Bilera 2024-4-16)

Lan eta Enplegu Sailak Sartu Taldeari agindu dio administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu bat, gizarte-sustraitzearen figuraren bidez. Gobernu Kontseiluak 60.000 euroko dirulaguntza emateko baimena eman du gaur.

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, berretsi egin da Sartu Taldeari emandako zuzeneko dirulaguntza, erakunde horrek 2023an hasitako «W» proiektua sendotzeko. Legegintzaldi honetan Mendiak zuzentzen duen Sailean abian jarritako ekimen berritzaile hori Inklusiorako V. Euskal Planaren 2023-2024 aldirako Plan Operatiboan sartutako proiektu esperimentaletako bat da. Proiektu horren helburua da gizarteratzea eta laneratzea eta administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonak erregularizatzea gizarte-sustraitzearen figuraren bitartez, atzerritarrei buruzko erregelamenduaren erreformaren ondoren irekitako aukerak aprobetxatuz. Gainera, beste helburu bat ere badu: kontratazio-premiak dituzten enpresei laguntzea, langileak hautatu, prestatu eta kontrata ditzaten.

Lanbiderekin eta Oarsoaldeko Garapen Agentziarekin lankidetzan garatutako lehen esperientzia pilotuaren ondoren, programa hori hedatu egin da, eta 2024tik aurrera Enplegu Zerbitzu Publikoaren aldizkako deialdietan txertatuko da.

Zehazki, Sartu Taldea irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta gizarte-zerbitzuen, gizarteratzearen eta enpleguaren sektorean jarduten du, marjinazioaren eta gizarte-bazterketaren aurka borrokatzeko, gizarteratzea eta laneratzea erraztuko duten aldaketak sustatuz.