3.920 pertsonak parte hartu nahi dute Euskal Poliziaren bosgarren promozioan

• 3.920 izangaietatik % 37,4 Ertzaintzan edo Euskadiko udaltzaingoetan sartu nahi duten emakumeak dira
• Lan-eskaintza publikoa 280 plazakoa da: 225 Ertzaintzarako eta 54 Euskadiko 21 udalerritako udaltzaingoetako agente izateko
• Lehenengo hautaprobak udan hasiko dira

Aurtengo udan hasiko dira Barakaldoko Bilbao Exhibition Centerren Euskal Poliziako, hau da, Ertzaintzako herritarren segurtasuneko oinarrizko eskalako, Euskadiko 21 udaltzaingo eta polizia-zerbitzuetako eta Trafikoko eta Bide Segurtasuneko unitateetako eta ikerketa kriminaleko espezialitateetako, agente izateko 280 plazetako bat lortzeko hautaketa-probak.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzarako 225 plaza eta Udaltzaingoko agente izateko 54 deitu ditu, baina kopurua handitu ahal izango da hautaketa-prozesuak irauten duen denboran, datozen hilabeteotan, plaza hutsak sortzen badira deialdia egin duen administrazio publikoetako batean.

Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agenteak batera hautatuko eta prestatuko dituen bosgarren prozesua da, eta, modu horretan, homologatu egiten du haien polizia-prestakuntza eta herritarrekiko arreta.

EUSKAL POLIZIARAKO IZANGAIAK 

3.920 pertsonak eman dute izena legealdi honetan egingo den laugarren deialdi bateratuan. Datuen genero-ikuspegia kontuan hartuta, nabarmendu behar da hautaketa-prozesu honetan izena eman duten pertsonen % 37,4 (1.465) emakumeak direla, eta era horretara, beraz, zuzendu egiten da emakumeek erroldetan duten presentzia eskasa. Gainerako % 62,6 (2.454) gizonak dira.

Lurraldez lurralde, Euskadin bizi diren eta izena eman duten hautagai gehienak bizkaitarrak dira, % 61,4 (2.407), alegia; Gipuzkoakoak % 19,6 dira (767) eta, azkenik, Arabakoak % 12,7 (408). Gainerakoak, % 6,3 (338) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora bizi dira.

Izangai gehienak, % 68,9 18 urtetik 30 urtera bitartekoak dira, baina asko dira, % 29,7, alegia, 31 urtetik 40 urtera bitartekoak ere. Gainera, izena eman dutenen % 70,8k egiaztatu dute hizkuntza-eskakizunen bat, eta oraindik kopuru horiei batu behar zaizkie euskaraz egindako ikasketa ofizialak aitortzen dituzten ziurtagiriak (probak BECen egin ondoren jasoko dira). Hori guztia lagungarria izango da Euskal Poliziako kidegoen % 100 euskaldunak izateko helburua lortzeko bidean aurrera egiteko, euskara harremanetarako ohiko hizkuntza izan dadin bai barneko lanean bai herritarrei arreta ematean.