Gizon bat atxilotu dute Portugaleten adineko pertsona bati eraso eta lapurreta egiteagatik

Ertzainek gazte bat atxilotu dute Portugaleten, etxeko igogailuan, adineko gizon bati eraso eta lapurreta egiteagatik. Gaztea askotan atxilotu izan dute antzeko lapurretengatik.

Joan den martxoaren 29an, adineko gizon bat bere etxeko atarian sartu zen, eta uneaz baliatuz, gazte bat harekin batera sartu zen eraikinean. Biak igogailuan sartu ziren, eta han ezezagunak aurpegian eta bularraldean jo zuen eta, jarraian, lepoan zeraman urrezko katea kendu zion indarrez tira eginda. Ondoren, erasotzaileak eraikineko eskaileretatik ihes egin zuen.

 Gertaeraren berri izan zutenean, Muskizeko Ertzain-etxetik ikerketa hasi zuten, eta, horri esker, lapurretaren ustezko egilea identifikatu ahal izan zuten eta atzo bertan atxilotu zuten.  

 Atxilotua delitu-historia luzea duen 21 urteko gaztea da. Gazte hori zazpi aldiz atxilotu dute 2023ko uztailetik, kasu gehienetan adinekoei, hau da, aurre egin ezin dioten eta erasotzailea identifikatzeko zailtasunak izaten dituzten pertsona zaurgarriei, indarrez kateak lapurtzeagatik.

Atxilotua agintari judizialaren eskuetan jarriko dute polizia-eginbideak amaitzean.