Ertzaintzak bi kilo kokaina eta hiru kilo haxix baino gehiago atzeman ditu eta pertsona bat atxilotu du Bizkaian egindako drogaren aurkako operazio batean

Ertzainek 43 urteko gizon bat atxilotu dute polizia-ikerketa baten ondorioz. Gainera, bi kilo kokaina, hiru kilo eta erdi haxix eta eskudirutan 17.000 eurotik gora konfiskatu dituzte. Konfiskatutako droga atxilotu duten gizona Orozkon, AP-68 autobidean, ibilgailu batean zihoala gelditu zutenean autoan bertan eta Bilboko bi eraikinetan aurkitu zuten. Inplikatua espetxeratu egin dute epailearen aginduz.

Ertzaintzaren Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak (SICTB) egin duen polizia-ikerketa joan den urtarrilean hasi zen, agenteak Bilbon bizi den eta substantzia sorgorgarrien trafikoan ari zitekeen pertsona bat ikertzen hasi zirenean. Egindako ikerketaren eta zaintzaren ondorioz, joan den ostegun arratsaldean, susmagarria AP-68 autobidean zihoala geldiarazi zuten Orozko parean. Autoan, maletategian ezkutatuta, ustez kokaina zuten bi pakete aurkitu zituzten, guztira bi kilo. Autoaren ate bateko txoko batean, 11.000 euro inguru aurkitu zituzten eskudirutan. Ebidentzia horien aurrean, droga-trafikoagatik atxilotu zuten.

Hurrengo egunean, eta epailearen baimenarekin, atxilotuaren etxea miatu zuten Bizkaiko hiriburuan. Miaketan Txakur Unitateko ertzainek parte hartu zuten, eta 3,6 kilo haxix, nahasteko substantzia baten kilo eta erdi, marihuana-kukuluak zituen pote bat, bi doitasun-balantza eta 6.000 eurotik gora aurkitu zituzten. Gainera, munizioa eta balen kontrako txaleko bat ere konfiskatu zituzten. Bigarren miaketa Bilboko trasteleku batean egin zuten, eta agenteek errebolber bat, benetakoa eta erabat operatibo zegoena, munizio gehiago, kokaina eta prentsa hidrauliko industrial bat eta molde bat, ustez droga manipulatzeko erabilia, aurkitu zituzten.

Zegozkion polizia-eginbideak amaitutakoan, droga-trafikoa eta armak zilegi ez den moduan edukitzea leporatu zizkioten atxilotua joan den larunbatean eraman zuten Bilboko Guardiako Epaitegira, eta arratsaldeko azken orduan eman zuen epaileak Basauriko espetxera eramateko agindua.