• Delinkuentzia presentzialaren aurrez aurre, ziberdelituek beste % 38 egin dute gora
• Euskadin egiten diren delitu gehien-gehienak ondarearen aurkako delituak dira, batez ere ebasketak (% 31,7) eta ziberiruzurrak (% 18)
• Deliturik larrienak, pertsonen aurkako delitu presentzialak, delitu guztien % 11 dira, eta tipologiarik ohikoena indarkeria matxista da
• Horren barruan, sexu-askatasunaren aurkako delituek beste % 24 egin dute gora berriz ere
Eusko Jaurlaritzak Euskal Poliziaren 2023ko Delinkuentzia Memoria egin du eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren web-atarietan jarri du. Memoria horrek, urtero bezala, Euskadin gertatu diren eta Ertzaintzak eta 15.000 biztanletik gorako udaletako udaltzaingoek bildu dituzten arau-hauste penalak jasotzen, aztertzen eta alderatzen ditu.
2023an, delinkuentzia presentzialaren mila biztanleko tasak 1,57 puntu (% 3) egin zuen behera, eta ziberdelituenak, aldiz, 3,37 puntu (% 38) egin zuen gora. Zehazki, iaz Euskadin 138.180 delitu erregistratu ziren: 110.473 (% 80) delitu presentzialak izan ziren eta 27.707 (% 20) teknologia berriak erabiliz egindako delituak.
Azken urteetako joerari begiratuta, nahiz eta delitu gehienak Euskadin oraindik ere presentzialak diren, ziberdelituak dira gora gehien egiten ari direnak:
Iaz, mila biztanleko ziberdelinkuentzia-tasak hiru lurralde historikoetan eta hiru hiriburuetan egin zuen gora, baina kaleetako delinkuentzia-tasak, delinkuentzia presentzialak, behera egin zuen Bizkaian, Gipuzkoan eta Bilbon, berdin mantendu zen Donostian eta puntu batzuk gora egin zituen Araban eta Gasteizen:
Euskadiko delinkuentzia-mapa
Delitu-tipologiaren arabera, Euskadin bai modu presentzialean (% 57) bai teknologia berriak erabiliz (% 93) egin ziren delitu gehienak ondarearen aurkako delituak izan ziren: ebasketak, gauzetan indarra erabiliz egindako lapurretak, indarkeria eta beldurra erabiliz egindako lapurretak, kalteak, iruzurrak, eta abar. Bestalde, arau-hauste penal larrienak, hau da, pertsonen aurka egiten direnak (lesioak, era guztietako indarkeria fisiko eta sexuala, koakzioak, mehatxuak, eta abar) delitu presentzialen % 11 eta ziberespazioan egiten diren delituen % 3,5 baino ez ziren izan iaz.
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizartean sortzen duten alarmaren eta segurtasunik ezaren ondorioz delitu larritzat jotzen diren delituen (pertsonen aurkako delitu presentzialen) % 11 horren barruan, kasu gehienak emakumeen kontra erabilitako indarkeria-kasuak izan ziren, orain arte bezala. Horrela, Ertzaintzaren 2023ko datuen arabera, 6.572 emakumek jasan zuten bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria (genero-indarkeria), familiarteko baten edo bikotekidea ez den bizikide baten indarkeria (etxeko indarkeria) edo indarkeria sexuala beste bi kategorietatik kanpoko egile baten aldetik (sexu-askatasunaren aurkako delituak), eta 2022. urtearekin alderatuta, % 7ko igoera adierazten duten zifrak dira.
Sexu-askatasunaren aurkako delituen kasu zehatzean, gorakada oso handia izan da, % 24koa, eta horren arrazoia da, batetik, “bai bakarrik da bai” izenez ezagutzen den legeak araudian eragin zuen aldaketa eta, bestetik, kontzientzia sozialaren gorakada eta, horrekin batera, salaketa-kopuruarena. Emakumeen kontrako indarkeria-kasu gehienetan egilea ezaguna da eta, hori dela eta, argitzen diren kasuen tasa oso handia da: 2023an, Ertzaintzak kasu horien % 83 argitu zituen eta horien egileak agintari judizialaren eskuetan jarri zituen.
Gorroto-delituak
Eusko Jaurlaritzak urtero egiten du Euskadin izaten diren gorroto-gertakariei eta gorrotoarekin lotuta egiten diren arau-hausteei buruzko txosten zehatza. Txosten hori oraindik bukatu gabe dago, baina lehenengo datuen arabera, nabarmen egin dute behera 2023an: erregistratutako delituak 261etik 224ra jaitsi dira.
Delitu-kategoria horretan, gehienak, gorroto-delituen % 67,8, arrazakeriarekin edo xenofobiarekin lotuta daude. Tarte handi batera, indarkeria-mota horren arrazoirik ohikoenak identitate sexuala (% 14,1) eta orientazio politikoa (% 7,6) dira.
Ertzaintzak emakume bat atxilotu du Lasarte-Orian edadeko beste emakume bati lapurreta egitea leporatuta. Emakumea modu…
Ertzaintzako agenteek bi gizon atxilotu dituzte, Bizkaiko hiriburuko hainbat etxebizitzatan indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta.…
26_0330 La Ertzaintza y las Policías Locales de las Encartaciones realizarán controles conjuntos Ertzaintzak eta…
Barakaldoko Udaleko Herritarren Segurtasunerako Arloak astearte honetan egin du Udaltzaingoko langileei eta Babes Zibileko boluntarioei…
Talde Motorra Elgoibarren bildu da, Lehentasunezko Jarduera Eremuaren bide-orrian jasotako proiektuen eta jarduketen azken urteko…
Bingen Zupiria eta Elixabete Etxanobe lurraldeko segurtasunaren egoeraren eta ikuspegi integral batetik aurkezten diren etorkizuneko…