Lehendakaria buru dela egin da merezimenduzko lana egiteagatik nabarmendu direnei aitorpena adierazteko Ertzaintzaren urteko ekitaldia

Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, eta Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua eta Josu Bujanda Ertzaintzaren burua lagun dituela, egin da gaur eguerdian 2023an merezimendu bereziko egintzak egin zituzten ertzainei polizia-lanagatik zorionak emateko eta kondekorazioak banatzeko urteko ekitaldia, eta ekitaldi horretan zerbitzuan hildako ertzainak, eta, ETAk hildakoak, ere omendu dituzte.

Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren instalazioetan egin den ekitaldia zerbitzuan hildako agenteak gogoratuz hasi da. Minutu bateko isilunea egiteaz gainera, Iñigo Urkulluk eta Josu Erkorekak eskaintza egin dute, bi txapel gorrirekin, oroimenerako haien izenak grabatzen diren monolitoaren aurrean. Azkena Iñigo Aldama Menoyorena izan da, aurtengo urtarrilaren 3an Laudion zerbitzuan hildako ertzainarena.  

Jarraian, omenaldi berezia egin zaie ETAk 1985etik 2001era bitartean hil zituen 15 ertzainei. Haien omenez, bideo bat proiektatu dute haien izenekin eta irudiekin:  Carlos Díaz Arcocha (1985), Genaro García de Andoain Larrinaga (1986), Juan José Pacheco Cano (1988), Luis Hortelano García (1989), Alfonso Mentxaka Lejona (1991), Joseba Goikoetxea Asla (1993), José Luis González Villanueva (1995), Iñaki Mendiluze Etxeberria (1995), Ramón Doral Trabadelo (1996), José María Aguirre Larraona (1997), Jorge Díez Elorza (2000), Mikel Uribe Aurkia (2001), Iñaki Totorika Vega (2001), Javier Mijangos Martínez de Bujo (2001), eta Ana Isabel Arostegui Legarreta (2001).

Aintzatespena Ertzaintzaren buruari

Aurtengo ekitaldian, Ertzaintzak bereizgarri zuridun domina eman dio Josu Bujanda Zalduari, 2019tik Ertzaintzaren intendente burua denari. Domina horrekin, Akademian 1983an sartu zenetik egindako 40 urteko ibilbide profesional luze eta oparoa aitortu nahi izan zaio, erakundearekin, bere historiarekin eta misioarekin izan duen konpromisoarengatik; barnean eta publikoki egindako Ertzaintzaren defentsarengatik, Euskadiren zerbitzura dagoen, sorrerako erroak dituen eta pertsonen eskubideak erabat errespetatzen dituen poliziaren balioak sustatuz. 

Ekitaldian nabarmendu da Josu Bujanda Zaldua Euskal Poliziaren lankidetza-ereduaren sustatzaile zorrotza dela, Ertzaintza Euskadiko polizia integral gisa irmotasunez defendatzen duena eta agenteen prestakuntzarekin eta profesionalizazioarekin konprometitua, bai eta plantillaren berdintasunarekin eta plantilla euskalduntzearekin ere. Gainera, domina horrek gertuko polizia-eredu baten, herritarrekiko tratuan hurbilekoa den eta erakundeetan konfiantza sortzen duen polizia-eredu baten defendatzaile sutsua dela ere aitortzen du.

Bereizgarri zuridun 10 domina

Gainera, Ertzaintzak bereizgarri zuridun beste 10 domina ere eman ditu. Bereizgarri hori ematen da zailtasun edo garrantzi handiko zerbitzuetan agenteek izandako parte-hartze arrakastatsuagatik eta horietan dohain profesional edo zibiko apartak erakutsi izanagatik, bai eta era nabarian nabarmendu direlako polizia-eginkizuna betetzean edo kidegoaren ospea hobetzeko edo zerbitzuan erabilgarriak diren lan bikainak egin dituztelako ere:

  • Jose María Yurrebaso Sestafe: Ertzaintzako Ikerketa Kriminalaren Dibisioko burua. Bereizgarri zuridun dominak bere ibilbide profesional aparta aitortzen du, era nabarian gailendu delako bere eginkizunak betetzeko lanetan. Orain erretiroa hartuta dagoen Jose María Yurrebasok 40 urtean baino gehiagoan lan egin du Ertzaintzan, eta urte horietan erantzukizun-lan ugari eta oso desberdinak egin ditu. Beste merezimendu batzuen artean, Polizia Zientifikoaren Unitatea sortu, garatu eta sendotu zuela esaten da, eta unitate horren alma mater-tzat jotzen da. Aitorpen honek lidergorako eta ikuspegi estrategikoa ezartzeko izan duen gaitasuna nabarmentzen du, betiere gertutasunean, konfiantzan, konpromisoan, bilakaeran eta talde-lanean oinarritutako polizia-ereduari jarraituz.  Bere erantzukizuna erakunde osoaren onerako izan diren helburu handinahikoak eta zorrotzak ezarriz bete du beti.  
  • Nuria Corral Campo: Bizkaiko Trafikoko Lurralde Unitateko agentea. Domina jaso du 2023ko apirilaren 30ean, Arrontegiko zubian, Erandion, egindako esku-hartzeagatik. Agentea bi orduan baino gehiagoan aritu zen hizketan bere burua zubitik bota nahi zuen gizon batekin, harekin enpatia izanez, haren konfiantza bereganatuz bere asmoa baztertu arte, salbu jarri ahal izateko.
  • Jon Zubiaur González: Donostiako Ertzain-etxeko Herritarren Babeseko agente lehena. 2023ko urtarrilaren 18ko jarduketarengatik jaso du domina. Egun hotz eta euritsu hartan, itsasoan sartu zen uretan zegoen gizon bat erreskatatzera, bere burua arriskuan jarriz, eta suhiltzaileak iritsi arte ur gainean mantentzea lortu zuen, modu horretan bizia salbatzea lortuz.  
  • Roberto Casado Gómez: Inteligentzia Bulego Nagusira atxikitako agentea. Bikaintasuna aitortu zaio José Juan Cabezudoren aurka, sexu-eraso eta -abusu delituengatik, intimitatearen aurkako delituengatik, iruzurragatik eta adingabeen pornografiagatik, jarraitutako prozesu judizialean egindako lanarengatik. Prozesu horretan 21 biktima zeuden inplikatuta, eta, kausaren fiskalak berak adierazi zuenez, guztiz konplexua zen, 11 mila folio baino gehiago eta frogen dozenaka TB baitzituen. Agente honek oinarrizko eginkizuna bete zuen justizia egin ahal izan zedin.  
  • Jon Soto Sedano eta Bernardo González de Zárate Pérez de Arrilucea: Getxoko Ertzain-etxeko agente lehena eta agentea, hurrenez hurren. Domina jaso dute 2022ko azaroaren 28an Algorta auzoko Satistegi kaleko trasteleku batzuetan izandako sutean egin zuten esku-hartzeagatik.  Zalantzarik egin gabe sartu ziren ke beltz-beltza zegoen eraikinean konorterik gabe zegoen gizon bat erreskatatzera. Euren bizia arriskuan jarriz, biktima ateratzea eta haren bizia salbatzea lortu zuten.
  • Javier Bordegarai Azkuenaga: Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren Unitateko agentea. Bere lanpostuan dagozkion eginkizunetatik haratago doazen baina, oro har, Ertzaintzaren eta, bereziki, Polizia Zientifikoaren Unitatearen onurarako diren jarduerengatik jaso du aitorpena. Elkarlanean aritzeko eta ezagutza partekatzeko beti prest dagoen pertsona da, eta, hain zuzen ere, ertzain honek Ertzaintzaren irudia sustatu du erreferentziako polizia gisa hainbat erakunde eta organizaziorekin egindako dibulgazio- eta prestakuntza-lanetan, bai eta hainbat komunikabidetan parte hartuta ere.
  • Erick Eduard Ruiz Gay: Agente honek 2023ko uztailaren 7an Donostian, zerbitzutik kanpora zegoela, egindako jarduera batengatik jaso du domina. Bikote bati lapurreta egin zion pertsona atxilotzea lortu zuen, harekin borrokan aritu eta zaurituta geratu ondoren.
  • Jorge Cabanellas Benito: Ertzaintzako Miñoien Atalera atxikitako agente lehen honek Historia de los miñones de Álava liburuarengatik jaso du aitorpena. Dimentsio historikoa duen lan honetan ikerketa-lan handia egin behar izan du hiru urtez, Ertzaintzaren historia hobeto ezagutzeko.
  • José María Gómez Moya: Joko eta Ikuskizunen Unitateko agente honek “Joko-makinak irekitzeko eskuliburua” izeneko polizia-dokumentua egiteagatik jaso du domina. Dokumentu horrek Estatuan eta Europan errekonozimendua izatea ekarri du, Ertzaintza erreferentziatzat hartzea lortu baitu aurretik beste polizia-kidego batzuek ekimenik hartu ez duten arlo tekniko batean.

Bereizgarri urdineko 5 domina

Gaurko ekitaldian, bereizgarri urdineko beste 5 domina ere banatu dituzte. Domina horiek ematen zaizkie beste polizia-kidego batzuetako kideei, larrialdietako eta babes zibileko zerbitzu publikoetako kideei, segurtasun pribatuko kideei eta segurtasun publikoaren defentsan garrantzi handiko ekintzak egiten dituztenei, bai eta Ertzaintzaren mesederako eta ospea hobetzeko harekin funtsezko lankidetzan aritzen direnei ere:

  • Katerine Correa Restrepo: 2023ko uztailaren 28an, herritar honek istripua izan zuen motor-gidari bat aurkitu zuen konorterik gabe Erletxesko biribilgunean, Galdakaon (Bizkaia). 112 SOS DEIAK zerbitzura deitu zuen, eta larrialdien arloko ezagutzarik ez zuen arren, medikuak telefonoz emandako argibideak jarraitu zituen istripua izan zuen motor-gidaria mugitzea eragozteko konortea berreskuratu zuenean. Gainera, harekin hizketan aritu zen osasun-baliabideak iritsi bitartean esna egon zedin.  
  • José Óscar Núñez Marrero: 2023ko uztailaren 28an Bilboko Sagarminaga kaleko etxe batean sortutako sutean esku hartu zuelako jaso du aitorpena. Barruan hainbat haur txiki bakarrik zeudela jakin zuzenean, eta sugarren eta kearen ondorioz arriskuan zeudela ikusita, etxetik atera eta salbu jarri zituen.
  • Josu Gotzon Bilbao Cámara eta Carlos García Buendía: Pasaiako eta Bilboko portuetako Merkataritza Nabigazioaren Zuzendaritza Nagusiko itsas-kapitain hauek domina bana jaso dute Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko egin duten lana aitortzeko. Hitzarmen horri esker, berariazko ikasketa-plan bat egin ahal izan da Zaintza eta Erreskate Unitateko uretako atalean lan egiten dutenek Ertzaintzaren ontziak pilotatzeko titulazio homologatua lor dezaten. 
  • José Julio González Zamanillo: Jada erretiroa hartuta dagoen Bilboko Udaltzaingoaren komisario honek bi polizia-kidegoen arteko lankidetzaren alde, batez ere arlo operatiboari eta lantalde bateratuei dagokienez, egindako lana aitortzen duen domina jaso du. Bere inplikazioari esker, bi polizien arteko komunikazioa ahalbidetu eta bideratu du, eta horrek ingurune seguruak sortzea ekarri du, batez ere Bilboko herritar asko biltzen dituzten ekitaldi handietan.

36 zorion-adierazpen

Azkenik, ekitaldian 2023an zerbitzuan merezimendu bereziko egintzak egin zituzten ertzainen izenen jendaurreko irakurketa ere egin da. Merezimenduzko egintza horiek espediente pertsonaletako oharretan jasota geratzen dira, eta gaur jaso dutena bezalako aitorpen publikoa jasotzeko arrazoia dira. Edizio honetan guztira 35 ertzain zoriondu dituzte polizia-lan aipagarria egin dutelako.

MULTIMEDIA EDUKIA IREKIAN: https://irekia.eus/lhk/5R6