Categorías: albisteak-berriak

Zedarriak Foroaren Migrazioari Buruzko azken txostena Eusko Jaurlaritzarekin lerrokatu da, eta Migraziorako Euskal Itun Sozialaren esparruan garatutako politikak goraipatu ditu

Adituen taldeak nabarmendu du: “migrazioa fenomeno saihestezina ez ezik, beharrezkoa ere bada”

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua pozik agertu da Zedarriak Foroaren azken txostenarekin, Eusko Jaurlaritzak migrazioaren errealitateari buruz duen ikuspegiarekin lerrokatu baita. Zedarriak Foroak gaur argitaratu du migratzaileek Euskadiren etorkizunean izango duten “funtsezko” paperari buruzko hausnarketa bat, “Euskadi inklusibo bat sortzearen garrantzia” azpimarratuz, “kultura-aniztasuna abantaila sozial eta ekonomiko gisa hartuko duena”.

“Trantsizio demografikoa eta pertsona migratzaileak: kontaketa berria” izenburua daraman bosgarren txostenean, Zedarria Foroak azpimarratu du “migrazioa fenomeno saihestezina ez ezik, beharrezkoa ere bada”. Ideia hori bat dator Eusko Jaurlaritzarenarekin. Hain zuzen ere, Melgosa sailburuak joan den astean, Eusko Legebiltzarrean sailaren aurkezpena egin zuenean, adierazi zuen “immigrazioa indargune bat” izango dela “datozen hamarkadetan herri gisa izango dugun hazkundearentzat”.

Zedarriak Foroa osatzen dutenen ustez, “Euskadik berehalako eskulan eskasiari aurre egin beharko dio. Euskadiko enpresak dagoeneko sumatzen ari dira premiazkoa dela langile berriak erakartzea lanpostu hutsak betetzeko eta lehiakortasuna ziurtatzeko”. Zabalduta dagoen ideia da hori. Ikuspegiren azken barometroan, 2023koan, lau pertsonatatik hiruk (% 76) adierazten zuten immigrazioak eragin positiboa izan dezakeela Euskadiko eta Europako biztanleriaren hazkundean.

Zedarriak Foroa osatzen duten adituen taldearen ustez, “beste lurralde batzuetako pertsonen etorrera modu etikoan kudeatu behar da, pertsona migratzaileen eskubideak errespetatuko dituzten eta euskal gizartean erabat integratzea sustatuko duten politikekin”. Melgosa sailburuaren ustez, beharrezkoa da pertsona eta familia horiek “euren bizi-proiektuak kultura arteko eredu batekin eta haiek erabat integratzera bideratutako eredu batekin hartu nahi dituen gizarte batean garatzea”.

Foroak Euskadiko administrazioak garatzen ari diren politikak eta ekimenak balioesten ditu, eta, bereziki, “Migraziorako Euskal Itun Soziala” goraipatzen du. “Ekintza horiek, kasu askotan, nazioarteko aintzatespena lortu dute, eta, zalantzarik gabe, etorkizunean ere mantenduko dira, Euskadiren posizioa esparru horretan autonomia-erkidego nabarmenaren moduan sendotuz”, adierazi du Zedarriak Foroak.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren gidaritzapean, aurreikusten du legegintzaldi berri honetan hainbat neurri ezartzea immigranteak eta asilo-eskatzaileak euskal gizartean hartzen, integratzen eta gizarteratzen laguntzeko, Herritartasunaren, immigrazioaren eta asiloaren kulturarteko VI. plana 2022-2025 osatuz, Migrazio eta Asilo Euskal Foroa dinamizatuz eta Euskadiko harrera-eredua bultzatuz. Hori guztia, Migraziorako Euskal Itun Sozialarekin koherentzian.

Zedarriak Foroaren txostena “begirunean, elkar ulertzean eta elkar aberastean oinarritutako kultura arteko elkarbizitzaren” alde agertu da. Bere ustez, “integrazioak ez dakar laneratzea bakarrik, baizik eta baita bizitza sozialean, kulturalean eta zibikoan erabat parte hartzea ere”. Zedarriak Foroaren ustez, “Euskadi benetan globala da iristen direnen ekarpenekin eraldatzen eta indartzen dena eta, aldi berean, bere nortasunarekiko leiala dena”.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak, ondorio horiez baliatuz, azpimarratu du “biharko Euskadi denon artean eraikiko” dugula. “Zedarriak bezalako foro batek aberastasun ekonomikoaz haratago aberastasun soziala ere izango duen Euskadi global bat imajinatzeak lanean jarraitzeko eta Migraziorako Euskal Itun Sozialari atxikimenduak batzen jarraitzeko balio behar digu”, esan du.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Gizon bat atxilotu dute Bilbon gazte bat arma zuri batekin zauritzeagatik

25_0319 Gizon bat atxilotu dute Bilbon gazte bat arma zuri batekin zauritzeagatik Gizon bat atxilotu…

1 día hace

Sei pertsona atxilotu dituzte eta bat ikertu Getxon droga-trafikoaren aurkako operazio batean

Azken hilabeteotan, Ertzaintzak, Getxoko eta Leioako udaltzaingoen laguntzaz, operatibo bat gauzatu du Getxon droga-trafikoan ziharduen…

1 día hace

Ebasketa eta iruzurra leporatuta atxilotu dute, Donostiako diskoteka batean lapurtutako bankuko bi txartel erabili ondoren

Ertzainek 23 urteko gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean Donostian, iruzur-delitu bat eta ebasketa-delitu bat…

1 día hace

“Udaberriko Bertso Saioak” vuelve a Santutxu este mes con tres sesiones y un bertso-poteo

El Ayuntamiento de Bilbao reúne a los nombres más actuales del bertsolarismo en Santutxu los…

1 día hace

ELA convoca una jornada de huelga en Euskotren para el 21 de mayo

El sindicato ELA ha convocado una jornada de huelga para el 21 de mayo que…

1 día hace

Kontsumobide detecta altos niveles de incumplimiento en la venta de legumbres

El Instituto Vasco de Consumo, Kontsumobide, ha llevado a cabo tres campañas de inspección que…

1 día hace