Ertzainek 33 urteko gizon bat atxilotu zuten joan den larunbatean Orion, bertako taberna batean pertsona batzuk arma zuri batekin mehatxatzeagatik eta bikotekidearen aurkako genero-indarkeriagatik. Ikerketek urte hasieran hiru estankotan, Arrasateko bitan eta Orioko batean, egindako lapurretekin lotzen dute. Atzo espetxeratu zuten epailearen aurrera eraman ondoren.
Atxiloketa eragin zuten gertaerak joan den larunbatean, irailaren 28an, goizaldean, gertatu ziren Orion. Ertzaintzaren patruilak abisu bati erantzunez bertaratu ziren, ostalaritzako establezimendu batean gizon bat arma zuri batekin pertsona batzuk mehatxatzen ari zela jakinarazi ondoren. Erasotzaileak aurre egin zien bezero batzuei eta bikotekidea jo zuen. Horrez gainera, kalteak egin zituen terrazako altzarietan, leihate bateko kristalak hautsi zituen eta beirazko botilatxoak apurtu zituen, eta gero horiekin mehatxatu zituen bere parean aurkitu zituen pertsonak.
Ertzaintzaren patruilek Orioko zubian aurkitu zuten pertsona hori, N-634 errepidearen ondoan, eta egoera kontrolatu eta erasotzailea identifikatu zuten. Gizona objektu arriskutsu batekin mehatxu egiteagatik eta genero-indarkeriako ustezko delitu batengatik atxilotu zuten.
Atxiloketaren ondoren, Ertzaintzak hiru estankotan, Arrasateko bitan eta Orioko batean, aurtengo urtarrilean eta otsailean ustez pertsona berak beldurra erabiliz egindako hiru lapurretarengatik egiten ari zen ikerketak alderatu ahal izan ditu. Ustezko lapurrak lepoko jantzi batekin edo buru beroki batekin eta eguzkitako betaurrekoekin ezkutatzen zuen aurpegia, eta bi lapurretatan simulatutako arma labur bat eta beisboleko bate bat erabili zituen, hurrenez hurren.
Ikerketako agenteek, epailearen baimenarekin, atxilotuaren etxean sartu eta miaketa egin zuten. Etxean lapurretetako batean erabilitako janzkerarekin bat zetozen jantziak eta osagarriak aurkitu zituzten, bai eta Arrasateko lapurretetako batean erabili ahal izan zuen arma labur simulatu bat ere.
Polizia-izapideak amaitu ondoren, atxilotua atzo, astelehena, jarri zuten Donostiako epailearen eskuetan, eta honek espetxean sartzeko agindua eman zuen.