Categorías: albisteak-berriak

Osasun mentalari atxikitako giza baliabideak % 60 handitu dira Osakidetzan 2009. urteaz geroztik

Osasun mentala da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren lehentasun handienetako bat. Izatez, Osasun Sailak pertsona jartzen du erdigunean eta arretaren ikuspegi komunitarioaren aldeko apustua egiten du. Hala adierazi du Alberto Martínez Osasuneko sailburuak Donostian egiten ari den Estatuko Psikiatriari buruzko XXVII. Biltzarrean —arlo horretako 1.500 aditu baino gehiagok parte hartzen dute biltzar horretan—.

Azpimarratu duenez, azken urteotan asistentziaren bilakaerak berekin ekarri du sistemarako ikaskuntza areagotzea eta profesional espezializatuen kopurua nabarmen handitzea. Hala, Euskadiko ospitaleetako eta osasun mentaleko egituretako langileen kopurua % 63 handitu da 2009. urteaz geroztik. Zehazki, % 58 handitu da helduen psikiatriaren kasuan eta % 182 handitu da haurren psikiatriaren kasuan; gainera, egiturazko plantilla baino % 19 profesional gehiago ari dira lanean. Euskadin 15 psikiatra daude 100.000 biztanleko, Estatuko ratiorik altuena. Aldi berean, sare anbulatorioari eta hobekuntza terapeutikoei esker, murriztu dira osasun mentaleko sarearen batez besteko jarduera eta ospitaleratzeen kopurua.

Ildo horretan, Alberto Martínez sailburuak nabarmendu du Osasun Sailak eta Osakidetzak, pandemia baino lehen, zenbait baliabide aurreikusi eta planifikatu zituztela gaixotasun mental larriak eragindako premiei erantzuteko, bereziki.

Haur eta gazteei arreta emateko unitate berriak

Gogorarazi du, azken urteotan, arreta goiztiarra ematen duten eta haur eta gazteen premiei erantzuten dieten eguneko ospitaleko 8 unitate berri ireki direla, hiru lurralde historikoetan. Eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean beste bi unitate irekiko direla jakinarazi du: bata, Bereizmen Handikoa, krisian dauden gaixo akutuei arreta emango diena —paziente horiei esku-hartze espezifikoak aplikatuko zaizkie tratamendu anbulatorioarekin jarrai dezaten edo psikiatrikoan ospitaleratu daitezen—; eta bestea, erregimen itxiko eta egonaldi laburreko Ospitalizazio Intentsibokoa, pazientea gero dispositibo anbulatorioetara bideratzeko, hobekuntza ikusten bada, edo, hala badagokio, dispositibo subakutu batean sartzeko.

Hori guztia, Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategiaren esparruan egingo da. Estrategia horrek arreta berezia eskaintzen die elikadura-jokabidearen arloko nahasmenduei, haurren eta gazteen osasun mentalari eta patologia dualari (adikzioekin lotutakoa). Osakidetzak, duela bi urtetik hona, Lehen Mailako Arretan haurren osasunaren arloan garatzen duen programaz gain, nerabeen artean depresio handia detektatzeko baheketa egiten du, Foru Aldundiekin hitzarmen soziosanitarioak egin ditu, eta beste estrategia batzuk jarri ditu abian, hala nola suizidioaren prebentziorako estrategia eta prebentzio soziosanitariorako estrategia, foru- eta toki-erakundeen eskutik.

Osasuneko sailburuak arlo horretako arreta indartzen jarraitzeko asmoa berretsi du, eta iragarri du koordinazio-egitura espezifiko bat jarriko duela abian Osakidetzaren barruan, herritarren eskariari hobeto erantzuteko, eta arreta komunitarioko psikologoaren lanpostu funtzionala sortuko dela, asistentziazkoak ez diren lanetarako, hezkuntzarako eta pazienteen kolektiboei heltzeko.

Alberto Martínez sailburuak badaki, azken urteotan, estres emozionaleko eta ondoez psikologikoko egoeren inguruko kezka areagotu dela, eta alderdi horiei ere arreta eman behar zaiela, betiere ongizate emozionalarekin lotutako prozesuak ez psikiatrizatzeko baina gaixotasun larriaren garrantzia ez hutsaltzeko premisa bikoitzetik abiatuta. Aldi berean, horrek gaixotasun mentalaren inguruko estigma murriztea ekarri duela adierazi du: “oso garrantzitsua da herritarrek gertatzen zaiena ez ezkutatzea, laguntza eskatzera joatea, eta, batez ere, nora jo izatea”. Azpimarratu du, ingurune askotan, hala nola hezkuntzan edo lanean, errealitate horretaz jabetu direla eta errealitate horri heltzeko protokoloak eta baliabideak artikulatzen ari direla.

Gauko Estatuko Psikiatria Biltzarrean, Andrea Gabilondok, Osakidetzako Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendariak Psikiatriako Ikerketa Klinikoko poster onenaren saria jaso du, agente komunitarioek suizidioaren prebentzioa sustatzeko BIZI programa Euskadin garatu, ebaluatu eta hedatzeagatik.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

26_0320 Bi atxilotu Bilbon, etxebizitzan indarra erabiliz lapurtzeagatik

Ertzaintzak 33 eta 35 urteko bi gizon atxilotu zituen atzo arratsaldean, Bilboko Ametzola auzoko etxebizitza…

4 horas hace

26_0319 Euskadiko Larrialdi Zerbitzuek Aiako Harrietan istripua izan duen mendizale bat erreskatatu dute

26_0319 Euskadiko Larrialdi Zerbitzuek Aiako Harrietan istripua izan duen mendizale bat erreskatatu dute Euskadiko Larrialdi…

22 horas hace

26_0318 Gizon bat atxilotu dute Lazkaon, pertsona bati ahoan lesioak eta hausturak eragiteagatik

Ertzaintzak 30 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Lazkaon (Gipuzkoa), beste bati barra finko batekin…

1 día hace

26_0317 Ertzaintzak eta Cartagenako Guardia Zibilak bi pertsona atxilotu dituzte, Gipuzkoako Udal bati eta Murtziako enpresari bati ia 100.000 euroko iruzurra egin ondoren

“Andre – Marles” baterako operazioa Ertzaintzak eta Cartagenako Guardia Zibilak bi pertsona atxilotu dituzte, Gipuzkoako…

1 día hace

26_0316 Emakume bat hil da Donemiliagan, ibilgailu batek harrapatuta

26_0316 Emakume bat hil da Donemiliagan, ibilgailu batek harrapatuta Emakume bat hil da Donemiliagan, ibilgailu…

2 días hace

26_0315 Donostian telefono mugikorren saltoki bateko langile bat atxilotu dute iruzurreko transakzio bat egiteagatik

26_0315 Donostian telefono mugikorren saltoki bateko langile bat atxilotu dute iruzurreko transakzio bat egiteagatik Donostian…

2 días hace