Categorías: albisteak-berriak

Ekainaren 16tik aurrera, Iruritako garbigune berriak Baztango 15 herriei zerbitzua emanen die

Ekainaren 16tik aurrera, Iruritan garbigune berri bat martxan jarriko da, eta Baztango 15 herriei zerbitzua eskainiko die. Horrela, bailarako 8.000 biztanleek hondakin bereziak zein bolumen handikoak bereizteko aukera izanen dute. Azpiegitura hau Baztango Udalak bultzatu du eta 700.000 € baino gehiagoko inbertsioa izan du. Horren finantzaketa Nafarroako Hondakinen Partzuergoak (%42), Nafarroako Hondakinen funtsek (%25), eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITERD) MRR funtsek (%33) egin dute.

Ostegun honetan egin da instalazioaren inaugurazio ofiziala Iruritako Zaldubia industrialdean eta ekitaldian izan dira José Mari Aierdi, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria; Fernando Mendoza, Nafarroako Hondakinak-eko kudeatzailea; eta Mariano Iribarren, Baztango Udaleko jarduneko alkatea. Gainera, Baztango herrietako zinpeko alkateak, udaleko hautetsiak, Nafarroako hainbat mankomunitatetako presidentziak eta langile teknikoak, Nafarroako Hondakinen Partzuergoko zuzendaritza, Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkular eta Berrikuntzako Zerbitzuburua, hondakinen kudeatzaileak eta udal-langileak bertaratu dira.

Mariano Iribarrenek eskerrak eman dizkie bertaratutako agintariei eta Nafarroako mankomunitateetako ordezkariei eta eraikin honek Baztango hondakinen kudeaketa egokian daukan garrantzia azpimarratu du.

Bestalde, Jose Marí Aierdi kontseilariak ekitaldian azpimarratu duenez, “landa-eremuetan garbiguneak jartzea funtsezkoa dela herritarrei hondakin berezi horiek modu egokian kudeatzeko aukera emateko; izan ere, ezin dira ohiko edukiontzietan utzi eta, horrela, berrerabili, birziklatu edo balorizatu daitezkeen materialak berriz kate ekonomikoan sartzea ahalbidetzen da. Herrietan halako instalazioek, gainera, informazio eta zalantzak argitzeko puntu gisa balio dute eta, dudarik gabe, hondakinen kudeaketa orokorra hobetzen dute”.

Azkenik, Fernando Mendoza, Nafarroako Hondakinak-eko kudeatzaileak, bestalde, azpimarratu du “horrelako hondakin bereziak modu antolatuan bildu behar direla, ohiko bilketa-sistemetatik kanpo geratzen baitira eta, gainera, 2017-2027 Hondakinen Plana betetzen laguntzen dutela”.
Aurresku batek eman dio jarraipena ekitaldiari eta, ondotik, zinta mozteko ekitaldi sinbolikoa egin da, Baztango Udaleko hondakinen teknikaria den Miren Meokiren eskutik instalazioak bisitatzeko aukera izan delarik.

Garbigune berri hau Baztango Udaleko langileek kudeatuko dute eta bailarako herritarren artean eskari handiena eta babesik handiena duen ekimenetako bat da. Etxeko hondakin bereziak, bolumen handikoak, gailu elektriko eta elektronikoetako hondakinak (GEEH), eta abar behar bezala kudeatzea da honen helburua.

Garrantzitsua da nabarmentzea hondakin horiek zailenak direla behar bezala kudeatzeko. Horregatik, garbigune hau etxeko eta antzeko hondakin bereziak biltzeko zentro selektibo gisa jarri da herritarren eskura, birziklatu, berrerabili edota balorizatu daitezkeen materialak uzteko aukera izan dezaten.

Astelehen, astearte eta ostegunero eta txandakako larunbatak

Garbigunearen ordutegia 8:00etatik 14:30era izanen da astelehenetan eta astearteetan; 12:30etik 19:30era ostegunetan; eta ekainaren 28tik aurrera, 8:30etik 13:30era txandakako larunbatetan.

Orain arte, Baztango Udalak bi garbigune etxola txiki besterik ez zituen hondakin berezientzat, eta instalazio berri honekin bailarako 8.000 biztanleei zerbitzua modu egokian ematea bermatuko da.
Instalazio berri hau Nafarroako 2017-2027 Hondakinen Planaren baitan egindako inbertsioen artean dago eta bailarako biztanleriaren %100ari aukera emanen dio etxeetan edota merkataritza txikiko establezimenduetan sortutako hondakin bereziak zein bolumen handikoak  bereizteko (pinturak, lanparak, bonbillak, toner-kartutxoak eta antzekoak, etxeko zein motorren olioak, pneumatikoak, kutsatutako ontziak, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak (GEEH), txatarra, etab.).

Gainera, indarrean dagoen araudia eta legeria betetzeaz gain, garbigune berriak herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetuko du, berrerabiltzeko prestakuntza eta objektuen zein tresnen trukea ahalbidetuz, materialen bizitza erabilgarria luzatzeko eta etxeko hondakinen sorrera gutxitzeko helburuarekin.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

26_0303 Gasteizen gizon bat atxilotu dute droga-trafikoagatik, eta oinezko bati lapurreta egiteagatik ikertu dute

Ertzainek 28 urteko gizon bat atxilotu dute Arabako hiriburuan, haxixa zuten eta ustez saltzeko prestatuta…

7 horas hace

Rufus T. Firefly taldeak Zarauzko Modelo Aretoan eskainiko duen kontzerturako sarrerak agortu dira

Rufus T. Firefly taldeak datorren maiatzaren 22an Zarauzko Modelo Aretoan eskainiko duen kontzerturako sarrerak agortu…

7 horas hace

Euskararen Erabilera Sustatzeko Ekintza Planaren % 86 martxan edo eginda, bi urteko ibilbidearen balantze positiboa egin du Hondarribiko Udalak

Bi urte igaro dira Hondarribiko Udalak 2023-2027 legealdirako Euskararen Erabilera Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu…

7 horas hace

Liburuaren Eguna ospatzeko ekintzak Hondarribiko Liburutegian

Liburuaren Eguna dela eta, Hondarribiko liburutegiak hainbat ekintza antolatu ditu irakurzaletasuna sustatzeko eta herritarren parte-hartzea…

7 horas hace

Arrestado un conductor en la AP-8 por trasladar ilegalmente a ocho personas en una furgoneta robada

La Ertzaintza ha interceptado en el área de servicio de Oiartzun a un varón de…

7 horas hace