Joan den maiatzean, edadeko emakume bati indarkeria erabiliz lapurreta egin zioten Basaurin, eta Ertzaintzak horren inguruan egindako ikerketaren ondorioz ustezko lapurretako bat atxilotu dute eta bigarren pertsona bat inputatu dute. Biktimari kalean bi pertsona hurbildu zitzaizkion, eta diru-zorroan zeraman dirua eta telefono mugikorra kendu zizkioten.
Egitateak maiatzaren 27an, eguerdiko hamabi eta erdiak aldera, gertatu ziren, biktima Basauriko Ariz inguruko kale batean oinez zihoanean. Bi pertsona alde banatatik hurbildu zitzaizkion eta oihalezko poltsa batean zeraman nezeser bat kendu zioten. Barruan dirua zuen diru-zorro bat eta telefono mugikorra zituen. Lapurreta egin ahal izateko, emakumeari bultza egin zioten eta harekin indarka aritu ziren.
Lapurretaz jabetu zen partikular bat korrika ihesi atera ziren bi inplikatuen atzetik abiatu zen, eta eraikin bateko fatxadako igogailuaren ondoan ezkutatuta aurkitu zituen. Lapurrek nezeserra itzuli zioten diru-zorro eta guzti, eta berriz ihes egin zuten Metroaren geltokirantz, eta arrastoa galdu zien. Berreskuratutako gauzak biktimari itzuli zizkioten, eta diru-zorroan zuen dirua falta zela egiaztatu zuen. Gainera, beste oinezko batek itzuli zion dirudienez lapurrek ihesi zihoazela bota zuten telefono mugikorra.
Ibaizabalgo Ertzain-etxetik zegokion ikerketa hasi zuten indarkeria erabiliz egindako lapurreta argitzeko eta egileak identifikatzeko. Ikerketa horren ondorioz, lapurretako bat, 24 urtekoa, atzo aurkitu eta atxilotu zuten Durangon. Lapurretan parte hartu zuen bigarren gizonari, 22 urtekoari, polizia-eginbideak ireki dizkiote ikertu gisa egitate horiengatik. Biek polizia-aurrekariak dituzte, batez ere jabetzaren aurkako delituengatik, ebasketa eta lapurretengatik.
Atxilotua Epaitegira eraman dute polizia-eginbideak amaitu ondoren.