Ertzaintzaren zenbait unitatek uztailaren 13an, igandea, egingo den proba horren segurtasuna zainduko dute Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoarekin, boluntarioekin eta segurtasun pribatuarekin elkarlanean.
Igande honetan, uztailaren 13an, Vitoria-Gasteizko 2025eko Ironman-proba egingo da Arabako hiriburuan. Ertzaintza arduratuko da kirol-proba horren segurtasuna koordinatzeaz, igeriketako, oinezko lasterketako eta bizikletako ibilbideetan. Lehiaketa goizeko 8:20an hasi, eta hurrengo eguneko 00:30ak arte iraungo duen arren, Ertzaintza larunbatetik egongo da ibilbidean, egun horretatik aurrera egongo baita kirol-materiala.
Igeriketa-proba Uribarri Ganboako urtegian egingo da, Landako Probintzia Parkearen barruan, eta bertan izango dira Ertzaintzaren Miñoien Atala, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko Uretako Atala eta Vitoria-Gasteizko Ertzain-etxeko herritarrak babesteko agenteak.
Txirrindularitza-lasterketa errepide hauetan barrena egingo da: A-3014 errepidetik Ozaetaraino, A-3012 errepidetik Ozetatik Gordoaraino, A-3016 errepidetik Gordoatik Aguraineraino, A-3100 errepidetik Aguraindik Argomanizeraino, N-104 errepidetik Argomanizetik Ilarazaraino, A-3010 errepidetik Ilarazatik Lubianoraino, A-3008 errepidetik Lubianotik Arzubiagaraino, A-4001 errepidetik Zurbanotik Vitoria-Gasteizeraino eta A-3002 errepidetik Vitoria-Gasteizetik Landaraino. Proba 9:05etik 18:10era bitartean egingo da. Errepide horietan trafikoa eten egingo da proba behar bezala eta segurtasunez egiten dela bermatzeko. Arabako Trafikoko Lurralde Unitateak koordinatuko du, Ertzaintzaren Miñoien Atalarekin eta Vitoria-Gasteizko Ertzain-etxeko herritarrak babesteko agenteekin elkarlanean.
Proba amaitzeko, oinezko lasterketa egingo da Vitoria-Gasteizko hirigunean barrena. Udaltzaingoa bertan izango da, eta Ertzaintza arduratuko da helmuga-eremuko segurtasunaz, Zaintza eta Erreskate Unitateko Dronen Atalaren bidez.