Gasteizen gazte bati zauri larriak eragin zizkion ibilgailuaren gidaria ikertu dute

Ertzaintzak egindako ikerketei esker, joan den ostegunean bikotekideari zauri larriak eragin zizkion ibilgailua gidatzen ari zen emakumea nor zen jakin ahal izan da, eta eginbideak ireki zaizkio zuhurtziagabekeria larriko lesio-delitu batengatik ikertu gisa.

Gertakariak joan den ostegun gauean izan ziren, Arabako hiriburuko Salburuako bulebarrean. Herritar batzuek Larrialdietako telefonora deitu zuten istripu baten eta biktimaren larritasunaren berri emateko, baita ibilgailu eragileak ihes egin zuela jakinarazteko ere.

Berehala, Larrialdi Zerbitzuak bertaratu ziren, eta biktimari lehen arreta eman ondoren, larri zaurituta eraman zuten ospitalera. Bestalde, polizia-agenteek gertatutakoa argitzeko ikerketak hasi zituzten.

Agenteek bildutako informazioei esker, ibilgailua eta gidaria (23 urteko neska) identifikatu ahal izan zituzten. Aurkitu ondoren, atzo goizean, ustezko lesio-delitu bat egotzi zioten, zuhurtziagabekeria larriagatik. Inputatuaren bertsioaren arabera, ibilgailura igotzen saiatu zen, eta, bere jarrera oldarkorraren aurrean eta beldurraren ondorioz, martxarekin jarraitzea erabaki zuen, bere egoeraz jabetu gabe.