Categorías: albisteak-berriak

Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak Lorategi Hiriaren esparruan 98 etxebizitza babestu eraikitzeko akordioa sinatu dute

Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, Loiola auzoko Lorategi Hiriaren esparruan 98 etxebizitza babestu sustatzeko. Eusko Jaurlaritzari babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza aktibatzeko bi udal-partzela doan lagatzeko akordioa sinatu dute Eneko Goia alkateak eta Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak. Ekitaldia Loiolako Lorategi Hiriko hirigintza-esparruaren erdi-erdian izan da, eta beste urrats bat irudikatzen du Gipuzkoako hiriburuan etxebizitza eskuratzeko krisiari aurre egiteko instituzioen arteko konpromisoan.

Eragiketa Visesa sozietate publikoaren bidez egituratuko da, bere 2026ko Programa Kontratuan jaso duenez: araubide orokorreko babes sozialeko 63 etxebizitza eta araubide autonomikoko 35 etxebizitza tasatu. 4. eta 5. partzelak guztira 2.700 m²-ko azalera dute eta Lorategi Hiriko hirigintza-garapenaren erdigunean daude. Udala urbanizazio-obrak egiten ari da dagoeneko bertan, eta ingurumena errespetatuko duen garapena aurreikusi da, energia-efizientziako eta kontsumo ia nuluko irizpideak lehenetsita. Sustapen honen obra 2026aren erdialdean hastea aurreikusi da, garabiak hiriarentzat giltzarria den beste garapen batera iristearekin batera: Loiolako Erriberako zuzkidura-bizitokiak.

Etxebizitza eskuratzeko konfiantza berreskuratzea

Ekitaldian, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak akordio honen garrantzia nabarmendu du, Donostian etxebizitza eskuratzeko arazoari aurre egiteko bultzada estruktural baten parte gisa, eta, errekonozitu duenez, “sinadura honekin konpromiso politiko sakon bati jarraipena ematen diogu”. Gainera, azpimarratu duenez, “Donostian bizitzea berriro posible izango da gaur egun alternatiba eskuragarririk ez izateagatik bizitegi-merkatutik kanporatuta daudenentzat”. Era berean, hau nabarmendu du: “hirian hedatzen ari garen etxebizitza babestuaren proiektu handinahiaren piezetako bat baino ez da Lorategi Hiriko jarduketa”. Itxasoren hitzetan, “gure gain hartu dugu 1.350 etxe baino gehiago eraikitzea, etxebizitza duina izateko eskubidea ezin baita oztopo-lasterketa izan klase ertain eta langilearentzat, eta are gutxiago donostiarren belaunaldi oso baten garapen pertsonal eta profesionalerako oztopo”.

Eusko Jaurlaritzak lehentasuna eman dio jarduera honi, Donostiak duen bizitegi-testuinguru konplexuagatik, batez ere gazteek eta klase ertainek etxebizitza eskuragarria izateari dagokionez. Denis Itxasok zuzentzen duen sailaren hedapenak 500 etxebizitza aurreikusten ditu trenbide-zabaltzan, 400 Txomin-Enea IIn, 83 zuzkidura-bizitoki Loiolako Erriberan, 98 Eliseo Zelaietan (Martutenen) eta beste 180 Morlansen, gaur iragarritako Lorategi Hiriko 98 etxebizitzez gain. “Donostian eskuragarri dagoen lurzorua aktibatzen ari gara, ehunka familiarentzat benetako aukera bihur dadin. Estrategia irmoa da, planifikatua eta administrazioen arteko ulermen handiagoan oinarritua”, gaineratu du sailburuak.

Bestalde, Eneko Goiak eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari esparru hau garatzen jarraitzeko erakutsi duen inplikazioagatik, etxebizitza babestu berria sortuta. Hala, adierazi duenez, “esparruaren berroneratzea aurreratuta dago, eta laster ikusi ahal izango ditugu bukatutako lehen etxebizitza-eraikinak eta bide-aldaketak, bai Lorategi Hiriko garapen berriari, bai Loiola auzoari zerbitzua emango diotenak; izan ere, azken hori jadanik ez da ikusiko ingurune hori Erriberatik banatzen zituen elementu gisa, aldameneko inguruneekin hobeto konektatzen duen auzoaren jarraitutasun gisa baizik”. Horrela, Goiak nabarmendu duenez, “auzo berriak 264 etxebizitza berri izango ditu, eta horietatik % 40 babestuak izango dira, eta ekipamendu eta berdegune berriak ere hartuko ditu, Lorategi Hiriari eta Loiola auzoari ere aisialdirako aukera berriak emateko».

Ildo horretatik, Donostiako alkateak azpimarratu duenez, “ingurune hau berroneratzearekin batera, beste urrats bat egin dugu Urumearen ardatzean etxebizitza-aukera berriak sortzeko helbururantz; urte batzuen buruan, gainera, Loiolako kuartelen lursail erosi berrian egingo den garapen berria gehituko zaio, zuzenean konektatuta egongo dena, bai Loiolarekin, bai Lorategi Hiriarekin, eta hiru kokaleku horiek erdigune berri bihurtuko dira hiriarentzat, konexio hobeekin, irisgarriagoekin eta zerbitzu berriekin”.

Gaur Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak sinatutako hitzarmenak bultzada berri bat ematen dio hirian bizitegi-merkatuaren tentsioa geldiarazteko estrategiari, eta udal-tasen salbuespena eta EIOZaren % 95eko hobaria ezartzen ditu, estrategia horren bideragarritasuna errazteko. Joan den maiatzaren 14an Donostia eremu tentsionatu izendatu zutenetik, neurri estrukturalak jarri dira abian etxebizitza publikoen parkea zabaltzeko eta donostiarrei etxe duin baterako sarbidea errazteko. Udalak eta Jaurlaritzak etxebizitza-merkatuaren eskaintzaren eta eskariaren arteko desoreka iraultzeko hitzartu duten hiru urteko ekintza-planaren parte dira bultzatutako ekimenak.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

26_0327 Portugaleten adineko gizon bati urrezko katea lapurtu zion gizona atxilotu dute

26_0327 Portugaleten adineko gizon bati urrezko katea lapurtu zion gizona atxilotu dute Portugaleten adineko gizon…

2 horas hace

26_0326 Bi gizon atxilotu dituzte Irunen telefono mugikor bat lapurtu eta iruzurrezko transferentziak eta erosketak egiteko erabiltzeagatik

Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu Irunen ustezko ebasketa eta iruzur delituengatik. Atxilotuei telefono mugikor bat…

2 horas hace

BilbaoArteren profesionalizazio artistikoa sustatzeko bideratutako baliabideak handitu ditu Bizkaiak

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak lankidetza-akordio berri bat aurkeztu dute gaur, BilbaoArte arte ekoizpeneko…

5 horas hace

Etxanobek Txipioko bidea berrantolatzeko lanak aurkeztu ditu Plentzian; jarduketak biribilgune berria, sarbide hobeak eta Metroaren disuasio-aparkalekua garatuko ditu

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, Plentziako alkatearekin batera, Txipio auzoaren ingurua berrantolatzeko proiektua aurkeztu du…

5 horas hace

Bizkaiak BIOSPAIN 2026 hartzen du eta Euskadi berrikuntza bioteknologikoaren eta autonomia estrategikoaren epizentroa bihurtzen du Europan

BIOSPAIN 2026  ekimena aurkeztu da Bilbao Exhibition Centren (BEC),  Espainiako sektore bioteknologikoaren erreferentziazko hitzordua eta…

5 horas hace

Nafarroako Gobernuak A eta C mailetako Administrazio Nukleorako 19 plaza deitu ditu oposizio bidez

Nafarroako Gobernuak, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, A eta C mailetako Administrazio Nukleorako lau deialdi…

5 horas hace