Donostiako hainbat hoteletan iruzur egiteagatik atxilotu dute

Ertzainek gizon bat atxilotu dute iruzur-delitua leporatuta, Gipuzkoako hiriburuko hainbat hoteletan iruzurrezko zordunketak egin ondoren. Atxilotuak erabiltzen zituen kreditu-txartelak eta gakoak litekeena da “smishing” bidez lortutakoak izatea. Teknika hori biktimaren bankuko datuak hackeatzeko aukera ematen duten esteken bidez eskuratzean data.

Abuztuaren 21ean, Gipuzkoako hiriburuko hotel baten arduradunek ohartarazi zuten bezero batek ordaintzeko txartel bat erabili zuela, eta horren jabeak eragiketa hori iruzurtzat jo zuela.

Ertzaintzako agenteak hotelera hurbildu ziren, eta egiaztatu zuten susmagarriak hainbat zordunketa egin zituela, 884 euro inguruko balioa zutenak, kreditu-txartel desberdinak erabiliz. Erabili zuen modus operandia zen txartelen zenbakiak establezimenduko datafonoan zuzenean sartzea, eragiketan txartel fisiko bat erabili gabe.  

Jakin ahal izan zutenez, erabilitako txarteletako bi zenbaki Cartagenan eta Granadan aurkeztutako bi salaketarekin erlazionatuta zeuden. Txartel horien titularrek salatu zutenez, “smishing” tekniken bidez engainatu zituzten, beharbada, ustezko isun bat ordaintzeko esteka faltsu baten bidez, euren bankuko datuak sartu behar izan baitzituzten eragiketa egiteko.

Teknika horren bidez, biktimari SMS mezu bat bidaltzen zaio aitzakiaren batekin, normalean, hainbat arrazoirengatik, ordainketa bat premiaz egiteko eskatuz, modu horretan kreditu-txartelaren zenbakia eta gakoa lortzeko, hackeatzeko aukera ematen duen esteka bat erabiliz.  

Ertzaintzak jakin ahal izan zuenez, susmagarriak aurreko egunetan iruzurrezko zordunketak egin zituen, modus operandi bera erabiliz, Donostiako beste hotel batzuetan ostatu hartu ondoren.

Ebidentzia horien aurrean, susmagarria atxilotu zuten iruzur egitea eta dokumentuak faltsutzea leporatuta, faltsututako identifikazio-agiriak baitzeramatzan. Atxilotua, 26 urtekoa, Ertzaintzaren egoitzara eraman zuten zegozkion polizia-eginbideak betetzera, ondoren agintaritza judizialaren eskuetan jartzeko.

Ertzaintzak ikerketarekin jarraitzen du atxilotuak hotel-establezimenduetan iruzurrezko karguak egiteko erabili dituen banku-txartelen zazpi zenbakien jatorria argitzeko.