Gasteizko enpresa batean lapurretan ari zenean atxilotu dute

Ertzainek gizon bat atxilotu zuten atzo Arabako hiriburuko enpresa batetik materiala lapurtzea leporatuta. Miñoien Ataleko patruila batek harrapatu zuen ustezko lapurra barrutiko hesia behartu eta lapurtutakoa furgoneta batean sartzen ari zenean.

Atzo, asteartea, arratsaldeko zortziak aldera, Miñoien Ataleko patruila batek furgoneta bat ikusi zuen Gasteizko Arriaga-Lakua auzoko enpresa bateko hesiaren ondoan aparkatuta. Furgoneta han ikusteak agenteen susmoak piztu zituen, eta gerturatu zirenean ikusi zuten instalazioetako perimetroko hesia behartuta zegoela eta gizon bat zaku batzuk sartzen ari zela ibilgailuan.

Miñoiek Ertzaintzari eman zioten ustezko lapurretaren berri eta gizona identifikatu zuten, eta une horretan konturatu ziren beste hiru pertsona instalazioetatik presaka alde egiten ari zirela.

Ertzaintzaren baliabideek susmagarria identifikatu zuten eta furgoneta ikuskatu zuten, eta barruan kableak zituzten hainbat zaku aurkitu zituzten.  Hesia behartuta zegoela eta materiala instalazioetatik lapurtu zuela egiaztatu ondoren, susmagarria atxilotu zuten lapurreta-delitua leporatuta.

Agenteek enpresa barrua eta inguruak ere ikuskatu zituzten, baina ez zituzten aurkitu lapurretan inplikatutako beste hiru pertsonak. Hala ere, furgonetan aurkitu zuten telefono mugikorrari esker horren jabea identifikatu ahal izan dute, eta lapurretan ustez parte hartzeagatik ikertuko dute.

Atxilotua, 43 urtekoa, Ertzaintzaren egoitzara eraman zuten dagozkion polizia-izapideak egitera. Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du lapurretan inplikatutako beste pertsonak identifikatzeko.

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua