Arma zuriz egindako eraso batengatik atxilotu dute Trapagaranen

Ertzainek 30 urteko gizon bat atxilotu dute goizaldean Trapagaranen, arma zuriz lesioak eragitea leporatuta. Ertzaintza erasoaren arrazoia ikertzen ari da, eta litekeena da aurretik hainbat pertsonaren artean izandako borroka izatea.

Erasoa goizaldeko lauak eta hogeita bostean gertatu da Trapagarango Escontrilla auzoan. Dei baten bidez jakitera eman dute hainbat pertsona borrokan ari zirela kiroldegiaren inguruan. Bertaratu diren Ertzaintzaren baliabideek ikusi dute gizon batek objektu zorrotz batekin egindako zauria zuela bizkarrean, gerrialdean.

Agenteek osasun-langileen laguntza eskatu dute biktima artatzeko, eta, ondoren, Gurutzeta Ospitalera eraman behar izan dute.

Patruilek gertakariari eta ihes egin duen erasotzaileari buruzko informazioa bildu dute, eta, handik laster, patruila batek aurkitu du ustezko erasotzaileari buruz lekukoek emandako deskribapenarekin bat zetorren susmagarria, eta identifikatu egin du. Susmagarriak zauria zuen bekain batean eta eskuetako batean, eta, aitortu duenez, ebakiak aurretik izandako borroka batean egin ditu. Patruilak polizia-aurrekariak dituen 30 urteko gizona atxilotu du arma zuriz lesio-delitua eragitea leporatuta.

Atxilotua osasun-zentro batean artatu eta Ertzaintzaren egoitzara eraman dute. Dagozkion polizia-eginbideak amaitu ondoren, datozen orduotan jarriko dute epailearen eskuetan.