Ertzaintzak 23 urteko gizon bat atxilotu du Irunen, indarra erabiliz etxebizitza batean lapurreta egitea leporatuta. Atxilotuak aurrekari ugari ditu horrelako gertakariengatik, eta etxekoak lo zeudela aprobetxatuz sartzen zen etxeetan lapurretak egiteko.
Gaztea atxilotzea ahalbidetu duen azken gertakaria asteazken goizaldekoa da. Goizeko lauak baino minutu batzuk lehenago, gaztea Irungo Lapitze auzoko etxebizitza batean sartu zen balkoitik eta telefono mugikorrak, diru-zorro bat eta beste objektu batzuk lapurtu zituen. Etxeko jabeak ustekabean harrapatu zuen, eta ihes egin zuen.
Biktima Irungo Ertzain-etxera joan zen lapurretaren salaketa jartzera eta bertan emandako informazioarekin eta etxean egindako ikuskapenarekin jakin ahal izan zuten nor zen lapurretaren egilea, pertsona berrerorlea eta mota horretako lapurretetan espezializatua.
Ertzaintzak arratsalde horretan bertan atxilotu zuen gaztea gaua pasatzera joaten zen Urdanibia auzoko eraikin batean. Polizia-eginbideak amaitutakoan, atxilotua agintari judizialaren eskuetan jarri zuten, eta honek espetxeratzeko agindua eman zuen.
Modus operandia
2024. urtearen amaieratik, Ertzaintzak etxebizitzetako lapurreten igoera esponentziala hauteman zuen Irunen, zehazki, Bentak, Lapitze eta Urdanibia auzoetan. Lapurreten egilea hesien gainetik jauzi eginez edo balkoiak eskalatuz sartzen zen etxeetan, eta etxekoak lo zeudela aprobetxatuz egiten zuen lapurreta. Inplikatuak trenbide inguruko etxeetan egiten zituen lapurretak, bertatik mugitzen baitzen bere joan-etorrietan.
Pertsona hori askotan atxilotu izan du Ertzaintzak, eta Irungo hamar bat etxetan, Donostiako bitan eta Legorretako beste bitan egindako lapurretetan inplikatuta dagoela jakin ahal izan da.