Gizon bat atxilotu dute Gasteizko parke publiko batean bikotekide ohiari sexu-erasoa egiteagatik

Ertzaintzako agenteek 41 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Arabako hiriburuan, bikotekide ohiari sexu-erasoa egiteagatik. Epailearen esku utzi ondoren, espetxeratu egin dute.

Gertakariak atzo arratsaldeko lau eta erdiak inguruan izan ziren, Gasteizko Arriaga parkean. Ordu horretan, inguruan paseatzen ari ziren pertsonek emakume bat negarrez entzun zuten, eta gizon bat ikusi zuten bere gainean etzanda. Hori dela eta, Ertzaintzari deitu zioten.

Agenteak iritsi zirenean, erasoari buruzko informazioa biltzen ari zirela, biktima korrika ikusi zuten, eta, handik gertu, bikotekide ohia aurkitu zuten biluzik, gerritik behera. Emakumeak kontatu zuenez, bikotekide ohiarekin geratu zen bere gauzak itzultzeko, eta parkean zegoela, atxikita eta immobilizatuta eduki zuen, sexu-harremanak izatera behartuz.

Horiek horrela, agenteek gizon hori atxilotu zuten sexu-askatasunaren aurkako delitu bat egotzita. Ertzain-etxean beharrezko eginbideak egin ondoren, gaur goizean Gasteizko Guardiako Epaitegiaren esku utzi dute, eta espetxeratzeko agindu du.