Categorías: albisteak-berriak

Nerabeak indarkeria digitalean murgilduta bizi dira: zelan eragiten die?

Artikulu hau jatorriz The Conversation-en argitaratu da.

Indarkeria matxista arazo sozial bat dela uste duten gazteen ehunekoa gutxituz doa: 2019an % 82,5ek uste zuten garrantzi handiko gaia zela, eta 2023an, berriz, % 65era jaitsi da zenbaki hori. Zer dela eta halako beherakada?

Nerabeen % 70ek egunean lau ordu edo gehiago ematen dituzte konektaturik. Algoritmoek joera dute mezu polarizatuei eta desinformazioz betetakoei hauspoa emateko, batez ere estereotipoak indartzen dituztenei edo desparekotasun estrukturalak ukatzen dituztenei. Hainbeste eduki digital dago eta hain eskura —asko eta asko modu anonimoan sortuak eta zabalduak— non zurrumurruak eta egiaztatu bariko informazioa ikaragarri hedatzen baitira, eta horrek eragina dauka hartzaileen enpatia gaitasunean.

Espainiako gazteriari buruzko 2024ko txosteneko datuen arabera, gizon gazteen % 23k eta 15 eta 29 urte bitarteko emakumeen % 15,2k diote genero indarkeria “asmakeria ideologiko” hutsa dela. Kopuru horiek 2019an jasotakoak halako bi dira ia (urte horretan % 11,9 eta % 5,7 ziren, hurrenez hurren).

Eta, hala ere, datuek erakusten dute gazte horiek eurak indarkeria modu berrien ikusle, eragile eta biktima direla. Modu horiek ez daude beti ikusgai edo ez dira beti ezagunak gazteentzat, baina eragin sakona dute haien ongizatean.

Indarkeria digitalak itxura ugari hartzen ditu: adibidez, material intimoa baimen barik bidaltzea eta sextortsioa (pertsona bati xantaia egitea irudi edo informazio sexuala zabaltzeko mehatxuaz).  Indarkeria dira, halaber, bikotekide edo bikotekide ohien portaera kontrolatzaileak, esaterako besteari sare sozialetan zelata egitea, kokapenaren bidez haren aztarnari jarraitzea edo haren pasahitzak baimenik gabe eskuratzea. Horietaz gain, bestelako erasoak ere badaude, hala nola ziberjazarpena eta ‘grooming’a edo ziberengainu pederasta, hau da, pertsona heldu bat Interneten bidez  adingabe batekin harremanetan jartzea, gazte hori sexualki esplotatzeari begira.

Indarkeria digitala

Ebidentziek erakusten dutenez, indarkeria digitala gorantz doa: INJUVEren txostenak berak dio gazteen % 47k diotela indarkeriazko gertaeren eraginpean egon direla ingurune digitalean, eta, aldiz, % 9k baino ez dute adierazi kalean halakorik bizi izan dutenik.

Eduki horien eraginpean egoteak indarkeria normaltzea eta harekiko sorgortasun bat sortzen du: “intentsitate gutxiko indarkeria etengabe” moduko bat. Gauzak horrela, esan liteke nerabeak babesgabezia digitalean bizi direla, ez baitute tresna eraginkorrik ingurune digitaletan gertatzen diren indarkeriak ezagutzeko, eragozteko eta haien aurrean zerbait egiteko.

Egoera berri eta nerabeentzat gero eta ohikoagoa den honi aurre egiteko, “azpikeriazko indarkeria digitala” deritzon kontzeptua proposatzen dugu. Ezarian-ezarian eta isilpean egiten den eraso molde bat litzateke, batzuetan kalte atzeraezina egin dezakeena.

Laguntasun eta kontrol falta horrek (familia, eskola eta justizia sistemen ahalmena mugatuegia baita gazteok babesteko) giro egokia prestatzen du indarkeria digitala sortzeko, eta ez hori bakarrik, baita indarkeria naturalizatu, banalizatu eta erreproduzitzeko ere.

Indarkeria eta pornografiaren kontsumoa

Interneten erabilera zabaltzearekin, indarkeria molde berriak sortzeaz gain, eduki pornografikoen kontsumoa ere handitu da. Lehen aipatutako INJUVEren txosten horretan azaltzen denez, gizon gazteen % 70ek eduki pornografikoa kontsumitu dute inoiz; aldiz, emakume gazteen % 30ek egin dute halakorik.

Eduki horiek gehienbat interes maskulinoei begira sortutakoak izaten dira, eta menderakuntzaz eta indarkeriaz beteta daude, egitura patriarkala erreproduzitzen dute eta andreen rol pasiboaren eta gizonen rol aktiboaren estereotipoak indartzen.

Eduki pornografikoen eraginpean egoteak errealitatearen ikuspegi desitxuratua sor lezake, batez ere adingabeei, sarritan desira eta adostasuna lauso agertzen baitira material horietan, eta berez erasoak diren eszenak sexu harremanak balira bezala aurkezten baitira.

Testuinguru horretan, zenbait azterlanek erakutsi dute lotura adierazgarria dagoela pornografiaren kontsumoaren eta indarkeria sexualaren artean, eta hori areagotu egiten dela edukia bortitza baldin bada. Izan ere, INJUVEren txostenak dio emakume gazteen % 32k aitortu dutela adostasunik gabeko sexu esperientziak bizi izan dituztela, hala nola harremanak edukitzera behartuak izatea, harremanak nahi gabe edukitzea edo seguru sentitzen ez ziren gauzak egitea.

Arrisku digitalen aurreko estrategiak

Heziketa sexual eta afektiboa joera horiei buelta emateko antidotorik onena da. Gakoa da ikasle nerabeei irakastea zelan sortu eta mantendu harreman osasuntsuak, indarkeria bakoak eta adostasunean oinarrituak.

Sexu heziketa tradizionalaren ikuspegi biologikotik haratago, enpatia, zaintza, erantzukizun afektiboa, intimitatea edo asertibitate sexuala lantzea lagungarria izango da gazteen gaitasun emozionalak sendotzeko.

Pornografiara jo beharrean ikasteko, hausnarketa kritikoa proposa dezakegu pornografiak daukan eraginaz harreman afektibo-sexualak ulertzeko orduan.

Heziketa sexual eta afektiboa derrigorrekoa izan beharko litzateke legez. Ebidentzia zientifikoan oinarritutako esku hartzerako eredu bat ezarri behar dugu, eskuliburu unibertsalekin eta profesional espezializatuen babesarekin. Ikasleen garapen pertsonala bultzatzeaz gain, onuragarria izango da gizarte osoarentzat, osasun fisiko eta mentala eta genero berdintasuna sustatuko baititu.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

26_0354 Gizon bat atxilotu dute lapurtutako bitxiak dokumentazio faltsutuarekin Donostiako establezimendu batean saldu ondoren

Atxilotuak iruzurrezko beste bi salmenta egin zituen saltoki berean joan den hilean Gizon bat atxilotu…

7 horas hace

26_0353 Gasteizen gizon bat atxilotu dute emakume bati poltsa lapurtzeagatik

Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu dute Arabako hiriburuan edadeko emakume bati poltsa lapurtzeagatik. Emakumeak joan-etorriak…

7 horas hace

Donostiak Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguna ospatuko du

Jardunaldiaren barruan, dastaketak, produktuen salmenta eta sentsibilizazio-ekintzak egingo dira, Gipuzkoa plazan. Bidezko Merkataritzaren mugimenduak 40…

16 horas hace

Detienen a un ciberdelincuente que intentó estafar 50.000 euros a una empresa de Mendaro

Una investigación conjunta entre el grupo de Cibercriminalidad Ikernet de la Ertzaintza en Gipuzkoa y…

16 horas hace

Salud activa el Consejo Asesor de Enfermedades Infecciosas Emergentes de Euskadi por el hantavirus

El Departamento de Salud del Gobierno Vasco ha puesto en marcha el Consejo Asesor de…

16 horas hace

CAF eleva su beneficio un 12 % hasta marzo impulsada por el mayor contrato de su historia

La compañía ferroviaria guipuzcoana CAF ha cerrado el primer trimestre de 2026 con un beneficio…

16 horas hace