Categorías: albisteak-berriak

Jasangarritasun Departamentuak eta Deustuko Unibertsitateak elikagaiak alferrik galtzearen aurkako konpromisoa indartu dute

Jasangarritasun Departamentuak eta Deustuko Unibertsitateak beren aliantza berritu dute elikagaien alferrik galtzea prebenitzeko, ikerketa aplikatuko proiektu berri baten bidez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Jasangarritasun Departamentuaren bidez, eta Deustuko Unibertsitateak lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu dute, elikagaien hondakinei buruzko ikerketa-proiektu bat garatzeko. Akordioak jarraipena ematen dio bi erakundeek aspalditik garatzen duten baterako lan-ildoari, lurraldean elikagaien alferrik galtzea murrizteko.

Lankidetza horren ondorioz, hainbat proiektu garatu dira: NEURRI proiektua, Gipuzkoako elikagaien xahubidea kuantifikatzeko metodologia espezifikoa lantzean oinarritua; NEURTZEN, lurraldeko hainbat udalerritako hondakinen bilakaera aztertu duena, emaitzak aurreko urteetako datuekin alderatuta; eta KUDEATU, sortutako hondakinen kudeaketa eraginkorrerako estrategiak garatzera bideratua.

Aldez aurreko azterlan horiek oinarri hartuta, ikerketa-proiektu berri hori 2025ean garatuko da, eta aurreko urteetan aplikatutako prebentzio-estrategien eta elikagai-hondakinen sorreraren bilakaeraren arteko harremana aztertuko du. Horretarako, herritarrei zuzendutako ekintzen benetako inpaktuaren ebaluazioan sakonduko da, eta hondakinak kudeatzeko ereduan egin daitezkeen hobekuntzak aztertuko dira.

«Elikagaiak alferrik galtzea lehen mailako gizarte- eta ingurumen-arazoa da», adierazi du José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak, eta gaineratu du “Deustuko Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmen berri horrek aukera emango du benetako datuetan oinarritutako konponbide erabilgarri eta eraginkorrak diseinatzen jarraitzeko”.

Proiektua lau ardatz nagusiren inguruan egituratzen da, eta Jasangarritasun Departamentuk 10.000 euro bideratuko ditu horretara:

  • Kontsumitzaileari zuzendutako prebentzio-ekintza nagusiak eta horiek alferrik galtzearen murrizketan duten eragina identifikatzea.
  • Sortutako hondakinen konposizioa aztertzea.
  • Egungo kudeaketa-sistemen eraginkortasuna ebaluatzea.
  • Azken txostena egitea, emaitzak, ondorioak eta gomendioak jasota.

Deustu, erreferentea ikerketan

Deustuko Unibertsitateak ikerketa-ibilbide zabala egin du elikagaien hondakinen arloan. Erakundeak diziplina anitzeko talde bat du, eta esperientzia du elikagaien hondakinen analisi kuantitatiboan zein kualitatiboan. Horri esker, metodologia aitzindariak diseinatu ahal izan ditu, testuinguru errealetan aplikatuta.

Lan-ildo horren ondorioz, Deustu erreferente akademiko eta tekniko bihurtu da elikagaien bizi-zikloaren eta kontsumitzaileen portaeraren azterketan. Beraz, lankidetza funtsezkoa da elikadura-baliabideak kudeatzeko eredu jasangarriago bat eraikitzera bideratutako ikerketa-fase berri honek arrakasta izan dezan.

Elikagaien alferrik galtzea, ingurumen- eta gizarte-erronka

Elikagaien alferrik galtzea da ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-erronka nagusietako bat, bai maila globalean, bai tokikoan. Gipuzkoan, kalkulatzen da urtero 127.000 tona elikagai inguru alferrik galtzen direla, eta asko egoera ezin hobean daudela kontsumitzeko. Horrek, natura-baliabideen desaprobetxamendu handiaz gain, inpaktu klimatiko handia dakar. Kalkulatzen da elikagaien hondakinek berotegi-efektuko gasen emisio globalen % 8 inguru eragiten dutela.

Horregatik, “elikagaiak alferrik galtzeak, ekoizpen- eta kontsumo-sistemen eraginkortasuna hobetzeaz gain, aprobetxamenduaren kultura bat sustatzea dakar, bidezkoagoa eta jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren printzipioekin koherenteagoa”, azpimarratu du Asensiok.

Hitzarmen hau Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan Integralaren (GHHKPO) helburuen barruan sartzen da, bai eta Nazio Batuen 2030 Agendaren GJHetan ere, zeinak hondakinen sorrera nabarmen murriztea eskatzen baitu, prebentzio-, birziklatze- eta berrerabiltze-jardueren bidez.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

26_0303 Gasteizen gizon bat atxilotu dute droga-trafikoagatik, eta oinezko bati lapurreta egiteagatik ikertu dute

Ertzainek 28 urteko gizon bat atxilotu dute Arabako hiriburuan, haxixa zuten eta ustez saltzeko prestatuta…

7 horas hace

Rufus T. Firefly taldeak Zarauzko Modelo Aretoan eskainiko duen kontzerturako sarrerak agortu dira

Rufus T. Firefly taldeak datorren maiatzaren 22an Zarauzko Modelo Aretoan eskainiko duen kontzerturako sarrerak agortu…

7 horas hace

Euskararen Erabilera Sustatzeko Ekintza Planaren % 86 martxan edo eginda, bi urteko ibilbidearen balantze positiboa egin du Hondarribiko Udalak

Bi urte igaro dira Hondarribiko Udalak 2023-2027 legealdirako Euskararen Erabilera Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu…

7 horas hace

Liburuaren Eguna ospatzeko ekintzak Hondarribiko Liburutegian

Liburuaren Eguna dela eta, Hondarribiko liburutegiak hainbat ekintza antolatu ditu irakurzaletasuna sustatzeko eta herritarren parte-hartzea…

7 horas hace

Arrestado un conductor en la AP-8 por trasladar ilegalmente a ocho personas en una furgoneta robada

La Ertzaintza ha interceptado en el área de servicio de Oiartzun a un varón de…

7 horas hace