Categorías: albisteak-berriak

Eusko Jaurlaritzak ikerketa industrialerako aurrekontua handitzearekin batera 762 proiektu lagundu ahal izan dira

PRUEBA

Hazitek programaren aurrekontua 93 milioi eurotik 120 milioi eurora hazi da eta, hala, aurkeztutako proiektuen % 77 babestu ahal izan dira, batez ere automobilgintza, makina-erreminta, energia, aeronautika eta siderurgia bezalako sektoreetakoak

 Eusko Jaurlaritzak 27 milioi euro handitu du Hazitek programaren bidez euskal enpresen ikerketa industriala laguntzeko aurrekontua, eta, horri esker, aurkeztutako proiektuen % 77 babestu ahal izan dira, hau da, aurkeztutako 984 proiektuetatik 762. Horrela, Imanol Pradales Lehendakariak hartutako konpromisoetako bat bete du Eusko Jaurlaritzak: Industria Hobea eta Industria Gehiago ardatz estrategikoen alde egitea. Zehazki, hasierako 93 milioi euroen aldean, programak 120 milioi izango ditu.

Ekimenaren onura gehien jaso duten sektoreak automobilgintza, makina-erreminta, energia, aeronautika eta siderurgia dira, eta aurrekontu-igoera horrek bereziki lagundu ditu; programaren dirulaguntza osoaren % 50 baino zertxobait gehiago jaso dute. Hala, energia-sektorera bideratutako ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuek 21 milioi euroko dirulaguntza dute, makina-erremintakoek edo fabrikazio aurreratukoek 18 milioi eurokoa, automobilgintzakoek 11,5 milioi eurokoa, aeronautikakoek 6 milioi eurokoa eta siderurgiakoek 3,3 milioi eurokoa.

HAZITEK programaren helburua da ikerketa industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak finantzatzea, bai izaera lehiakorrekoak, bai izaera estrategikokoak, industria adimendunaren, energia garbien eta osasun pertsonalizatuaren arloetan. Bi kasuetan jasangarritasun-alderdiek garrantzi handiagoa izango dute.

Proiektu estrategikoei dagokienez, aurrekontua % 22 igo da, eta, horri esker, jasotako 48 proposamenetatik 35i eman zaie babesa; guztira, 193 enpresak hartu dute parte. Proiektu estrategikoen deialdiak aurreko edizioak baino 4 proiektu estrategiko gehiago finantzatzen ditu, eta finantzatutako proiektuen aurrekontu-laguntza handitu du. Finantzatutako proiektuen onartutako aurrekontuaren ratioa % 79koa da, hau da, 2024ko deialdia baino % 9 handiagoa.

Proiektu lehiakorrei dagokienez, aurrekontua % 37 igo da, eta, horri esker, jasotako 936 proposamenetatik 727ri eman zaie babesa; guztira, 770 enpresak hartu dute parte. Hala, lerro horrek aurreko edizioak baino 104 proiektu lehiakor gehiago finantzatzen ditu, eta finantzatutako proiektuen onartutako aurrekontuaren ratioa ere ehuneko 10 puntu handitu da 2024ko edizioarekin alderatuta.

27 milioi horietatik, 11,45 aurten bertan egikarituko dira, eta gainerakoa hurrengo hiru urteetan; beraz, dagokion konpromiso-kreditua onartu du Jaurlaritzak.

Programaren azken helburua da euskal industria enpresen I+G jardueraren bidez indartzea, hala modu erabakigarrian laguntzeko euskal ekoizpen-sarearen lehiakortasun globalari, eta eragin ekonomiko esanguratsua izan dezaketen emaitzak sortzeko. Horretarako, Euskadirentzat estrategikoak diren espezializazio-eremuetan eta merkatutik hurbilen dauden I+G faseetan oinarritutako laguntzak eskainiko dira.

Ohikoa denez, programak bi laguntza-ildo ditu: I+G proiektu lehiakorrak eta I+G proiektu estrategikoak.

2024ko deialdian, Hazitekek 654 proiektu finantzatu zituen, eta guztira 91,2 milioi euroko dirulaguntza eman zuen. Horrek 265 milioi euroko inbertsio pribatua mobilizatu zuen Euskadiko 759 enpresatan Ikerketa Industrialeko eta Garapen Esperimentaleko jardueretan. Proiektu lehiakorren ildoan 623 proiektu lagundu ziren —666 enpresak parte hartu zuten— eta estrategikoen ildoan 31 proiektu —184 enpresak parte hartu zuten—.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

26_0303 Gasteizen gizon bat atxilotu dute droga-trafikoagatik, eta oinezko bati lapurreta egiteagatik ikertu dute

Ertzainek 28 urteko gizon bat atxilotu dute Arabako hiriburuan, haxixa zuten eta ustez saltzeko prestatuta…

6 minutos hace

Rufus T. Firefly taldeak Zarauzko Modelo Aretoan eskainiko duen kontzerturako sarrerak agortu dira

Rufus T. Firefly taldeak datorren maiatzaren 22an Zarauzko Modelo Aretoan eskainiko duen kontzerturako sarrerak agortu…

6 minutos hace

Euskararen Erabilera Sustatzeko Ekintza Planaren % 86 martxan edo eginda, bi urteko ibilbidearen balantze positiboa egin du Hondarribiko Udalak

Bi urte igaro dira Hondarribiko Udalak 2023-2027 legealdirako Euskararen Erabilera Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu…

6 minutos hace

Liburuaren Eguna ospatzeko ekintzak Hondarribiko Liburutegian

Liburuaren Eguna dela eta, Hondarribiko liburutegiak hainbat ekintza antolatu ditu irakurzaletasuna sustatzeko eta herritarren parte-hartzea…

6 minutos hace

Arrestado un conductor en la AP-8 por trasladar ilegalmente a ocho personas en una furgoneta robada

La Ertzaintza ha interceptado en el área de servicio de Oiartzun a un varón de…

6 minutos hace