Imanol Pradales Lehendakariak iragarri du hurrengo hilabeteetan Eusko Jaurlaritzak Euskal Ikasketen Katedra berria sortuko duela Sorbona Unibertsitatean, horrela, beste bultzada bat emango zaio euskarak eta euskal kulturak nazioartean duten indar akademikoari. Aurreratu duenez, katedra honek Esther Ferrer artistaren izena eramango du, alegia, “askatasunari, berrikuntzari eta mugak apurtzeari lotutako ibilbide bat”.
Gaur arratsaldean, Imanol Pradales Lehendakariak Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurrena omentzeko ekitaldian parte hartu du, zehazki, Frantziako Liburutegi Nazionaleko (BnF) auditorio nagusian. Ekitaldi horretan, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Irene Larraza Etxepareko zuzendariak Lehendakariari lagundu diote; eta, horiekin batera, euskal diasporaren ordezkaritza instituzional eta kultural zabala bertaratu da Pariseraino.
Lehendakariak Europako erakundeetan euskararen ofizialtasuna onartzeko eskatu du beste behin, eta Espainiari eta Frantziari dei egin die Europar Batasunaren barruan dagokien estatusa aitor dezaten.
«Galdera zintzo bat egiten dut: zer da euskara Europarentzat? Museo bateko beira-arasan amaitzen duen hizkuntza edo zaindu eta zaindu beharreko komunikazio-altxor bizia? Euskara milaka urteko ondare europarra da. Eta europar guztien erantzukizuna da hori zaintzea. Bereziki, euskararen lurraldeak hartzen dituzten estatuena; euskararen erabilera eta biziberritzea sustatu beharko lukete, gure hizkuntzak merezi duen estatusa aitortuz. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da Europako erakundeetan euskararen ofizialtasuna onartzea. Egin dezagun posible. Borondate politikoa baino ez da behar.
Zentzu horretan, Pradalesek azpimarratu duenez, “Europak aukera ezin hobea dauka Europako erakundeetan euskararen ofizialtasuna onartu eta ‘United in diversity’ leloa balioan jartzeko”. Horregatik, Imanol Pradalesen aburuz, katedra berriari esker, “urrats bat gehiago emango dugu euskararen eta euskal kulturaren sormen-gaitasunean, pentsaeran eta unibertsaltasunean”.
Ildo beretik, Lehendakariak Bernat Etxepare ospetsua ekarri du gogora, bere ondareak 480 urte bete ditu, Imanol Pradalesen ahotan, “aitzindaria izan zen abanguardiako hizkuntza-politikan”, eta, gaur egun, “sekulako zortea da bere ekarpenaren eta euskal ikuspegi honen lekukoak izatea”. Aurrerago azaldu duenez, Etxepare Euskal Institutuaren 15. urtemugaren eskutik “salto egin dezakegu iraganetik etorkizunera, eta euskal hizkuntza eta kultura mundura proiektatzen asmatu zuen ibilbidea ospatzen dugu”.
Hari beretik tiraka, Pradalesek balioan jarri du Institutuak 15 urte hauetan egindako beharra: “Hamabost urte euskararen eta euskal kulturaren ahotsa munduan zabaltzen, elkarrizketak sortzen eta komunitateak lotzen. Hamabost urte zubiak eraikitzen eta euskararen proiekzio globala sustatzen. Hamabost urte gure hizkuntza plazara ateratzen”.
Bestalde, lehen lehendakariordeak adierazi du Etxepare Euskal Institutua ez dela “erakunde bat soilik”, baizik eta “munduari nor garen erakusteko funtsezko tresna, eta Euskadi ireki eta global baten kulturaren motorra”.
Egitarau berezia
Etxepare Euskal Institutuak bere jardueraren 15. urteurrena ospatu du gaur Parisen, horretarako espreski sortutako ikuskizun batekin. Ekitaldian 300dik gora lagun elkartu dira, kulturaren, erakundeen, politikaren eta euskal diasporaren ordezkaritza zabala barne. Ekitaldia Frantziako Liburutegi Nazionaleko (BnF) areto nagusian egin da, esanahi sinboliko handia duen gunean: erakunde honek gordetzen du ‘Linguae Vasconum Primitiae’ (1545) lanaren ale bakarra —gaur egun Baionako Euskal Museoan ikusgai dagoena—, euskaraz inprimatutako lehen liburua eta Bernat Etxeparek idatzia. Etxepare da, hain zuzen ere, Institutuari izena ematen dion egilea, eta haren lelo ospetsua —«Euskara, jalgi hadi mundura»— erakundearen misioaren inspirazio-iturri izan da bere sorreratik.
Ekitaldi nagusiaren aurretik, Lehendakariak Frantziako Liburutegi Nazionaleko ‘Bibliothèque de pierres’ Liburu Zaharren Biltegia bisitatu du. Urteurren honetarako BnF hautatu izanak balio sinbolikoa du, izan ere, instituzio horretan gordetzen da Linguae Vasconum Primitiae (1545) euskaraz argitaratutako lehen liburuaren ale bakarra, Bernat Etxepareren lan famatua. Une honetan, ale hau Baionako Euskal Museoan ikus daiteke. “Euskara, jalgi hadi mundura”, egilearen lema ezaguna inspirazio-iturri da Institutuarentzat, bere sorreratik.
Etxepare Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzaren organismo publikoa da, eta euskara eta euskal kultura nazioartean proiektatzeaz eta euskal sormenaz arduratzen da. Beste eskualde eta kultura batzuekin harreman sendoak finkatzea, kalitatezko jarduera artistikoak sustatzea, sortzaileen mugikortasuna bultzatzea eta nazioarteko eremu akademikoan euskal ikasketak sustatzea da bere jardueraren muina. Era berean, elkarlana sustatzen du mundu osoko kultura- eta unibertsitate-erakundeekin.
Hamabost urteko ibilbidearen ondoren, hizkuntza- eta kultura-aniztasuna babesten eta Euskadi munduarekin lotzen duten zubiak eraikitzen daukan garrantzia berretsi du Etxepare Euskal Institutuak.
Iritzi dio enpresa “proiektu partekatua” izan daitekeela, pertsonak, berrikuntza eta lurralde sustraitzea ardatz dituena, “lehiakortasuna…
Basque Segurtasun Foroak bederatzigarren bilera egin du gaur arratsaldean Oarsoaldean. Errenteria, Pasaia, Lezo eta Oiartzungo…
Europako bi hiriek parte hartu dute nazioarteko etxebizitza-politiken mahai-inguruan, Maider Arosteguy Biarritzeko alkatearekin eta Pablo…
José García Montalvo katedradun eta ekonomialariak jarri ditu mahai gainean etxebizitza-merkatu eskuragarria sustatzeko erronkak House…
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuorde Miguel de los Toyosek moderatutako mahai-inguruan, hirurek berretsi dute legegintzaldiko erronkarik…
Segurtasunaren arloko ia 200 profesionalek entzun dituzte teknologia berri horien aplikazioari buruz adituek egindako gogoetak.…