Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Gasteizko alkate Maider Etxebarriak Bustaldeko (Aretxabaleta) bizitegi-esparrua bisitatu dute, etxebizitza-multzo hori osorik birgaitzeko Europan 18 lehiaketa europarra irabazi duen proposamenaren ildo nagusiak aurkezteko. Proposamen hori oinarri izango da proiektua gerora garatzeko.
Bisitan, bi erakundeek azpimarratu dute Bustaldeak etxebizitza berreskuratzeko duen ahalmena, ikuspegi integral batetik: etxebizitza-parkearen bizigarritasuna hobetzeko eraikinetan, espazio komunetan eta hiri-ingurunean jardutea, gizarte-kohesioa indartzea eta trantsizio energetikoan aurrera egitea hiri-kalitatea galdu gabe. Bisita hori egin da, jarduketaren aurrerapenak bateratzeko, proiektuaren talde irabazlea aurkezteko eta hurrengo urratsak adosteko asmoz administrazioen eta bizilagunen arteko lehen bilera amaitu ondoren.
Itxaso sailburuak adierazi duenez, «Euskal Autonomia Erkidegoa azeleragailua zapaltzen ari da etxebizitza babestu gehiago eraikitzeko, baina eraikitako hiria ere zaindu behar dugu, eta azkarregi edo baliabide mugatuekin hazi ziren auzo horiei guztiei lagundu behar diegu, eta horregatik gaur egun administrazioen bultzada merezi dute. Bustaldea jarduketa integrala da, 57 etxebizitza berreskuratu eta birgaitzea ahalbidetuko duena, baita espazio komunak eta ingurunea hobetzea ere, hiri-esparru horren bizikidetza eta etorkizuna indartzeko». Gainera, Denis Itxasok gogorarazi duenez, «proiektu hau Europan 18tik sortzeak bidea markatzen du: jendearen eta zaintzen duen hiriaren zerbitzura jarritako kalitate arkitektoniko gorena».
Europan erakunde nazionalen federazio europar bat da, eta arkitektura-lehiaketak eta epaimahaien epaien ondoriozko egikaritzeak bultzatzen ditu. Epai horiek aldi berean plazaratzen dira hainbat herrialdetan, gai, egutegi eta helburu komun batzuen inguruan. «Eusko Jaurlaritzak beste behin ere erakutsi du kalitate arkitektonikoaren aldeko anbizio hori, Gasteizko Udalarekin lankidetza oso modu egokian eta estuan gauzatuz. Horri esker, Bustaldeko eraikinen birgaitzea lehiaketan aurkeztu ahal izan dugu, bi premisa oso argirekin. Lehenengoa: hiri-jarduketa bat nola planteatu, hirigintza-jarduketa berrien ondorioz bilakaera desberdina izan duen ingurune baten natura-balioak eta landa-nortasuna berriro aprobetxatuz. Eta bigarrena: gizarte-kohesioa eta jasangarritasuna hiri- eta bizitegi-diseinuan nola integratu, dagoena berreraikitzeko, egungo beharretara egokituz. Eta proiektu irabazleak, «Care Blanket» izenekoak, inolako zalantzarik gabe, erronka horiei erantzutea lortu du».
Bestalde, Etxebarria alkateak Bustaldearentzat egun honek duen garrantzia azpimarratu du, Europan 18 lehiaketaren proiektu irabazlea ezagutzera eman baitu. Proiektu hori Bustaldean egingo den esku-hartzean zentratuko da. “42 etxebizitza horien birgaitzeaz hitz egitea ez da eraikinez, obrez edo inbertsio publikoz hitz egitea. Bizi kalitateaz eta Gasteizen eraikitzen jarraitu nahi dugun hiri ereduaz hitz egitea da”.
Bustaldeko higiezinek jasango duten eraldaketa eta hobekuntza sakonaz gain, higiezin horiek etorkizunean izango duten funtzio sozialean sakondu du Etxebarriak. “Badakigu etxebizitza eskuratzea gazteen kezka nagusietako bat dela. Horregatik, proiektu honek Udalarentzat funtsezkoak diren bi lehentasun batzen ditu: hiri-birgaitzea eta etxebizitza-politika publikoak bultzatzea, gazteek beren bizi-proiektua Gasteizen garatu ahal izan dezaten”.
Amaitzeko, Etxebarriak adierazi du jarduketa horren bidez Bustaldea “adibide bat” dela, “inbertsio publikoak espazioak eraldatu ditzakeelako eta belaunaldi gazteenentzako aukera berriak ireki ditzakeelako, Gasteiz bidezkoagoa, jasangarriagoa eta guztiontzako bizigarriagoa izan dadin lagunduz”.
Industrializatu daitekeen birgaitzea, eta egoiliarrak bertan bizitzen jarraitzearekin bateragarria
Proposamen irabazlea, “Care Blanket” izenekoa, Egor Gaydukov, Agustin Azar eta Uliana Zhomnir-ek osatutako nazioarteko talde batek garatu du, Nicolas Schusterman-en laguntzarekin. Gaur egun energetikoki zaharkituak dauden baina estrukturalki aprobetxa daitezkeen bost etxebizitza-eraikinetan jardutea planteatzen du proposamenak, efizientzia, industrializazioa eta hiri-espazioaren hobekuntza uztartzen dituen birgaitze-estrategia baten bidez.
Ikuspegia ideia nagusi baten inguruan antolatzen da: ordeztu baino lehen “zaindu”, dagoen parkea birgaitzearen alde eginez, prestazio termiko, funtzional eta hiritarrak hobetzea ahalbidetuko duten soluzio erreplikagarrien bidez, horrek izango duen inpaktua denboretan eta sortutako eragozpenetan kontrolatuz.
“Care Blanket”ek industrializatu daitekeen esku-hartze sistema bat proposatzen du, lehorrean muntatutako geruza anitzeko inguratzaile modular batean oinarritua; horrek eraikinaren portaera termikoa hobetzen du, eta obran inpaktu txikiagoa eragiteko aukera ematen du. Planteamendu horrek birgaitze planifikatu baterako aukera ematen du, afekzioak minimizatzeko eta, ahal den neurrian, lanak egiten diren bitartean egoiliarrak bertan geratzea errazteko, operazioaren dimentsio soziala indartuz.
Aukeratutako soluzioaren arabera, isolamendu biooinarritua ezarriko da —kortxoa eta zura, esaterako—, eta loggiak edo bizitzeko balkoiak integra ditzakeen “etxeko geruza” berri bat sortuko da, etxebizitzaren zabalkuntza gisa. Energia sortzeko aukerak eta birnaturalizazio-elementuak ere aztertzen ditu, erosotasuna, efizientzia eta multzo osoaren hiri-irudiaren hobekuntza uztartuz.
Gainera, proposamenak auzokideek parte hartzeko osagai bat ere badu, akaberak eta pertsonalizatzeko elementuak adostera bideratutako tailerrekin, auzoaren identitatea indartzeko, esku-hartze uniformeak saihesteko eta emaitza kolektiboki bereganatzea errazteko.
Hiria josten duen eta inklusioa hobetzen duen jarduketa integrala
Erakundeek nabarmendu dutenez, Bustaldearen indargune nagusia ingurunea hobetzeko, espazio komunak berreskuratzeko eta esparruaren hiri-jarraitutasuna eta oinezkoena indartzeko duen ahalmenean datza, etxebizitzak birgaitzetik harago.
Planteamenduak, gainera, osotasunaren irakurketa bat jasotzen du, auzotarrak gizarteratzeko aukera gehiago sortzera bideratua. Irisgarritasuna hobetzeak, espazio partekatuak duintzeak eta beheko solairua egunerokotasunerako euskarri gisa aktibatzeak gizarte-kohesioa eta bizikidetza indartzen laguntzen dute, batez ere bizitegi- eta hiri-kalitatea erabakigarria den etxebizitza-parke batean.
Proposamen irabazleak espazio publikoaren eta tarteko espazioen balioan ere jartzen du fokua. Asmoa da beheko solairua eta gune komunak berraktibatzea, oinezkoentzako konektibitatea eta ibilbideak hobetzea, eta eraikinen eta inguruaren arteko erlazioa indartzea, auzoa bizigarriagoa, irisgarriagoa eta seguruagoa egingo duten esku-hartzeen bidez.
Aldi berean, estalkiek eta kanpo-espazioek energiari, hiriko berdeguneari eta zerbitzuei lotutako hiri-azpiegitura gisa duten potentziala aztertzen da, eta etxebizitza, espazio publikoa eta trantsizio ekologikoa konektatzen dituen biziberritze-ikuspegia indartzen da.
Europan 18: berrikuntza arkitektonikoa badagoen hiriaren zerbitzura
Europan arkitektura- eta hirigintza-lehiaketen programa europar bat da, eta benetako hiri-esparruetarako proposamen berritzaileak lortzea du helburu. Horretarako, hainbat herrialdetako hirien, administrazioen eta arkitektura-talde gazteen arteko lankidetza bultzatzen du.
Aurtengo edizioan, Europan 18 programa “Hiri berpiztua” lelopean antolatu da. Baliabideen berrerabilpenean, lehendik dagoenaren eraldaketan eta ingurumen- eta gizarte-irizpideetatik abiatutako hiri-berroneratzean oinarritutako ikuspegia du. Esparru horretan, Bustaldea aukera-esparru gisa planteatu da, esku-hartze integral baten bidez, energia, hiri eta gizartearen arloak eguneratzeko premia argiak dituen bizitegi-multzo bat birgaitzeko.
Europan proiektuan aintzatespena jaso ondoren, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Gasteizko Udalak azterketa- eta garapen-faseari ekingo diote orain, esku-hartzearen irismena, egutegia eta kudeaketa-eredua zehazteko, eta behar diren azterketa teknikoak egiteko.
Esparru horretan, proposamen irabazleak erreferentzia eta oinarri kontzeptual/tekniko gisa funtzionatuko du proiektua gerora garatzeko, eta horren gainean egituratuko dira proiektu- eta plangintza-erabakiak.
Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak azpimarratu duenez, geltokia martxan jarrita, herritarrek “segurtasun eta erosotasun…
Proiektu pilotu bat da, app baten bidez kirol-ekipamendura modu partekatuan sartzeko aukera ematen du, jarduera…
Araian Ertzaintzaren aurkako pintadak agertu dira. Lehenengoan, herriko kiroldegiaren sarreran agertu dena, «Zipaioak falanjistak» irakur…
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak antolatu duen jardunaldian krisialdiko jokabidea eta larrialdien arloko kalteberatasun…
80 upategi eta euskal ekoizle inguruk parte hartuko dute showroom profesionalean, dastatzeekin eta topaketekin Euskalduna…
Segurtasun Sailak Amurrion Ertzaintzaren eta ertzain jakin baten aurka agertutako pintadak gaitzesten ditu. Beste behin…