Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu dute goizaldean Aretxabaletan (Gipuzkoa) droga-trafikoaren delitua leporatuta. Atxilotuak 700 gramo marihuana-kukulu zeramatzan autoan, kaxa baten barruan. Gainera, positibo eman du droga-testean.
Gaur goizaldeko ordu biak baino minutu batzuk lehenago, Aretxabaletan herritarrak babesteko lanetan ari zen Ertzaintzaren patruila batek ikusi du auto bat alderrai zebilela.
Horren aurrean, agenteek ibilgailua geldiarazi eta gidaria, bakarrik zihoana, identifikatu dute. Auto barruan marihuana-usain handia zegoen, eta, miatu dutenean, atzeko aldean, kaxa baten barruan, 700 gramo marihuana-kukulu aurkitu dituzte. Miaketan kokaina-dosi bat eta bi labana ere aurkitu dituzte, eta konfiskatu egin dituzte.
Ebidentzia horien aurrean, ertainek gizona atxilotu dute droga-trafikoaren delitua leporatuta.
Gainera, egin dioten droga-testean positibo eman du, eta ikertu gisa eginbideak ere ireki dizkiote bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik.
Atxilotua, espainiar nazionalitateko 31 urteko gizona, epailearen eskuetan jarriko dute dagozkion eginbideak amaitu ondoren.