Ertzaintzak 21 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizaldean Bilbon, labana erabiliz gazte talde bati lapurreta egitea egotzita. Gazteetako bat saihetsaldean zauritu du arma zuriarekin.
Gaur goizaldeko seiak aldera, Ertzaintzari jakitera eman diote arma zuri batekin zauritutako gazte bat zegoela Bilboko Sabino Arana etorbidean, lagun batzuekin zegoenean lapurreta baten biktima izan ondoren.
Antza denez, hiru pertsona hurbildu zaizkio kalean salatzailearekin zegoen taldeari, lapurreta egiteko asmoz. Pertsona horietako batek labana bat zeraman mehatxu egiteko, eta, liskarrean, labana zeraman gizonak albo batean zauritu du biktima, eta ebakia egin dio saihetsaldean.
Zauritua espainiar nazionalitateko 21 urteko gaztea da, eta osasun-laguntza jaso ondoren ospitalera eraman dute. Ertzainek berehala miatu dute ingurua, eta handik laster aurkitu dute ustezko erasotzailearen ezaugarriekin bat zetorren gaztea. Susmagarria identifikatu egin dute, eta odol-arrastoak zituen labana bat zeramala egiaztatu dute. Beharrezko frogaketak egin ondoren, indarkeriaz lapurreta egitea leporatuta atxilotu dute.
Ikerketa zabalik dago delitu-egintza horretan laguntzaile izan dituenak identifikatu ahal izateko, eta espainiar nazionalitateko 21 urteko atxilotua datozen orduotan jarriko dute epailearen eskuetan, polizia-egoitzan beharrezko eginbideak amaitu ondoren.