26_0085 Atxilotu bat Santurtzin droga-trafikoagatik

Ertzaintzako agenteek, Santurtziko Udaltzaingoaren laguntzaz, 30 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo arratsaldean bertako taberna batean, droga-trafikoa leporatuta, hainbat kokaina- eta haxix-dosi aurkitu baitzizkioten doitasun-balantza batekin eta substantzia horien aurreko salmentei buruzko oharrak zituen orri batekin batera.

Atzo, osteguna, arratsaldeko azken orduan, eta lokal publikoetan droga-trafikoari aurrea hartzeko dispositibo baten esparruan, Muskizeko Ertzain-etxeko agenteak, Udaltzaingoarekin lankidetzan, Santurtziko taberna batera joan ziren, azken asteetan egindako ikerketen arabera substantzia sorgorgarriak saltzen ari baitzitezkeen bertan.

Agenteek une horretan lokalean zeuden pertsonak identifikatu zituzten, eta bezeroetako bati sei kokaina-dosi eta haxix-zati batzuk aurkitu zizkioten.  Salgai horiekin batera doitasun-balantza bat eta orri bat, aurretik kontsumitzaile desberdinei saldutako substantzia sorgorgarriei buruzko oharrak zituena, aurkitu zizkioten.

 Horren aurrean, eta beharrezko egiaztapenak egin ondoren, susmagarria, magrebtar jatorriko 30 urtekoa, atxilotu egin zuten droga-trafikoaren delitu bat leporatuta. Jarraian, atxilotua polizia-egoitzara eraman zuten dagozkion izapideak egiteko, agintari judizialaren eskuetan jarri aurretik.