26_0088 Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Gasteizen, etxeko indarkeriagatik eta arma zuriz mehatxu egiteagatik

Ertzaintzako agenteek Gasteizko etxebizitza batean esku hartu dute gaur arratsaldean. Bertan, gizon bat labanaz gotortu da, senide batekin etxeko indarkeriako gertakari bat izan ostean, etxebizitza partekatu batean. Etxebizitza horretan zazpi pertsona zeuden gertakarien unean. Pertsona bat arin zauritu da.

Etxebizitzan bizi den batek arratsaldeko laurak baino minutu batzuk lehenago eman du abisua. Lehen informazio horien arabera, gizonezko batek bere familiako emakume bat eta beste pertsona batzuk labanaz mehatxatu ditu etxe berean, Gasteizko Legutianoko Atea kalean.

Gertakariak eztabaida gogorra eragin du baita oihuak eta objektuen haustura ere. Gainerako egoiliarrak beren logeletan giltzaz ixten edo etxebizitzatik kanpora irteten saiatu dira. Bertara hurbildu diren ertzain eta suhiltzaileek lehenengo solairuko leiho batetik ateratzen lagundu diete lau pertsonari. Beste hiru persona beren logeletan giltzapetu dira, babesteko. Erasotzaileak ustez bi aizto zeramatzan aldean.

Ertzaintzako, Herritarren Babeserako Zerbitzuko eta Brigada Mugikorreko Bizkor ataleko agenteek, horrelako egoeretan aditua den Ertzaintzako negoziatzaile batekin batera, egoeraren ardura hartu dute. Gizonak uko egin dio mehatxuzko jarrera uzteari, etxebizitzatik ateratzeari eta barruan gotortu da.

Azkenik, etxe barruan zeuden pertsonentzat egon den arriskuaren aurrean, Ertzaintzaren Bizkor agenteak barrura sartu dira, eta 26 urteko gizonezko latinoamerikar bat atxilotu eta ertzain-etxera eraman dute.

Anbulantzia batek 30 urteko emakume bat, hau ere jatorri latinoamerikarrekoa, ospitalera eraman du, etxeko indarkeriaren eztabaidan, gertakaria gertatu aurretik arin zaurituta (ez da arma zuriz zaurituta egon).