Ertzaintza lau adingabe ikertzen ari da lesio-delitu baten ustezko egileak direlakoan, atzo Lasarte-Oriako ikastetxe bateko patioan beste bi gazteri jipoia eman ondoren. Biktimak ospitale batean artatu behar izan zituzten.
Erasoa atzo, igandea, gaueko bederatziak laurden gutxian, gertatu zen gazte talde bat zegoen Lasarte-Oriako ikastetxe bateko patioan. Biktimak latinoamerikar jatorriko 20 urteko gazte bat eta espainiar nazionalitateko 17 urteko adingabe bat dira, eta, adierazi dutenez, zazpi gaztez osatutako talde bat hurbildu zitzaien. Gazteek zigarro bat eskatu eta biktimek ezetz esan ondoren, horietako lau ukabilkadak ematen hasi zitzaizkien, eta lesioak eragin zizkieten aurpegian. Biktimek ihes egitea eta Ertzaintzari erasoaren berri ematea lortu zuten.
Biktimek erasotzaileen deskribapena eman zuten, eta handik laster aurkitu zituen patruila batek autobus batean alde egitera zihoazenean. Polizia-baliabideek lau susmagarriak, espainiar nazionalitatekoak eta 15 urtetik 17 urtera bitartekoak, identifikatu zituzten, eta ikertu gisa eginbideak ireki dizkiete lesio-delitu batengatik.
Adingabeak Ertzaintzaren egoitzara eraman zituzten beharrezko polizia-eginbideak betetzeko, eta, ondoren, familiartekoen eskuetan jarri zituzten eta Adingabeen Fiskaltzak zitatu zain daude. Ikertuek polizia-aurrekariak dituzte lapurretengatik eta erasoengatik.