Categorías: albisteak-berriak

Sandra Cuesta Aizkorbe izango da 2026ko Maddalen Arte Guneko komisarioa

Hondarribiko Udalak pasa den irailean ireki zuen Maddalen Arte Guneko 2026ko erakusketa-programarako komisarioa hautatzeko deialdia, eta Sandra Cuesta Aizkorberi esleitu zaio kudeaketaren ardura. Cuestak lau erakusketa antolatuko ditu: hiru kolektibo eta bakarkako bat. Horrez gain, “Hondarribia Sormen Hiria” bekaren bi artista onuradunen bakarkako erakusketetan aholkularitza- eta gainbegiratze-lanak egingo ditu.

Sandra Cuestak ibilbide sendoa du artearen esparruan, eta Ortzi Alonso Kultura zinegotziak nabarmendu du artista polifazetikoa dela: “Arte Ederretan lizentziatua eta eskulturan espezializatua, performancearen eta koreografiaren bidez ere garatzen du bere sorkuntza-lana. Oso gustura gaude aurkeztu duen proposamenarekin”.

Alonsoren hitzetan, Cuestaren ibilbideak sentsibilitate garaikidea eta tokiko sorkuntzarekiko konpromisoa uztartzen ditu: «Joan den urtean Judas Arrietak egindako lanari jarraipena emango dio Sandrak. Bere ikuspegiak sendotu egingo du Maddalen Arte Gunearen nortasun irekia eta esperimentala, eta ziur gaude publiko berriak erakartzeko gaitasuna izango duela».

Bestalde, Ortzi Alonsok azpimarratu du Udalaren asmoa dela Maddalen Arte Gunea etengabeko sormenaren eta tokiko talentuaren erakusleiho bihurtzea: “Urtero kudeatzaile eta programatzaile berriak hautatzeak freskotasuna eta ikuspegi berriak ekartzen dizkio proiektuari, eta gure hiriaren kultur eskaintza dinamikoago eta aberatsago bihurtzen du”.

Azkenik, Kultura zinegotziak proiektuaren balorazio oso positiboa egin du: “Maddalen Arte Gunearen bidez artisten ibilbidea eta ezagutza sustatzen ari gara, eta bai herritarren bai artisten aldetik jasotzen ari garen erantzuna oso ona da”.

ARIRA: artea eta soinua uztartzen dituen proiektua

Sandra Cuestaren ARIRA proiektuak arte plastikoak eta musika uztartzen dituen egitaraua proposatzen du. Komisarioaren hitzetan, “helburua artearen testuingurua herrian bertan garatzea da, diziplina ezberdinak harremanetan jarrita eta publikoari esperientzia zabalagoa eskainiz. Erakusketa bakoitza soinu-pieza baten moduan ulertzen dut; artista plastikoen eta soinu-sortzaileen arteko elkarlana izango da erakusketen erdigunean”.

ARIRA espazio publikoetan hedatuko den erakusketa kolektiboa izango da. “Maddalen Arte Guneaz gain, Hondarribiko hainbat gunetan aurkeztuko dira proposamenak”, azaldu du artistak. Proiektua “josteko haria” moduan ulertu daiteke: ideiak josiz, aldaerak sortuz eta artistaren parte-hartzearen bidez formak emanez.

Parte hartuko duten artista eta taldeak hauek dira: Eugenio Ortiz Miguel, Maider Goikoetxea, Sagusar, Itziar Basterretxea, The Iiingles, Oscar Gómez Mata eta L’Alakran.

RABELAIS KANTA, lehen erakusketa

Programako lehen erakusketa Eugenio Ortiz Miguel artistaren RABELAIS KANTA izango da, Harkaitz Cano idazlearen, Sandra Cuestaren eta Marla abesbatzaren parte-hartzearekin.

Erakusketaren abiapuntua François Rabelais idazleak 1532an, Pantagruel liburuan, hainbat hizkuntzatan idatzitako pasarte bat da. Testu horretan ageri dira euskaraz inprimatutako lehen hitzetako batzuk. Hitzok, ordea, neurri batean enkriptatuta iritsi zaizkigu, inprentako akatsengatik eta haien jatorri urrunagatik. Testuinguru satiriko eta geografiko horretan, Rabelaisek Hondarribia (Fontarabie) ere aipatzen du, garaiko muga-gune garrantzitsu gisa.

Eugenio Ortiz Miguelek testu historiko hori hartu du abiapuntu gisa, eta hitza bera material artistiko bihurtu du. Artistak bere artxibo pertsonaleko materialak, objektuak eta dokumentuak jarri ditu elkarrizketan, denboraren ideia elastikoa azpimarratuz: iraganeko testu batetik gaur egungo sorkuntzara jauzi eginez.

Ortizen hitzetan, “Rabelaisen testu hura gaur egunera ekartzea ariketa kolektiboa izan da. Hitzak ez ditut soilik irakurtzeko elementu gisa ulertu, baizik eta entzuteko, kantatzeko eta gorputzez bizitzeko moduko material gisa”. Artistak azaldu duenez, “proiektu honek singularitateen batasuna bilatzen du; idazketa, eskultura, kantua eta artxiboa elkartu ditugu pieza bakarrean”.

Erakusketaren baitan kantu bat sortu da enkarguz, ikuspegi koral batetik abiatuta. Thélème abadia —Rabelaisek irudikatu zuen komunitate ideal hura— erreferentzia moduan hartu da, elkarrekin lan egiteko eta sortzeko modu baten metafora gisa.

Otsailaren 21etik martxoaren 29ra egongo da ikusgai Kultur Etxeko artxiboan, larunbat eta igandeetan, 11:00etatik 13:00etara. Irekiera otsailaren 21ean izango da, 12:00etan.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

26_0320 Bi atxilotu Bilbon, etxebizitzan indarra erabiliz lapurtzeagatik

Ertzaintzak 33 eta 35 urteko bi gizon atxilotu zituen atzo arratsaldean, Bilboko Ametzola auzoko etxebizitza…

3 horas hace

26_0319 Euskadiko Larrialdi Zerbitzuek Aiako Harrietan istripua izan duen mendizale bat erreskatatu dute

26_0319 Euskadiko Larrialdi Zerbitzuek Aiako Harrietan istripua izan duen mendizale bat erreskatatu dute Euskadiko Larrialdi…

21 horas hace

26_0318 Gizon bat atxilotu dute Lazkaon, pertsona bati ahoan lesioak eta hausturak eragiteagatik

Ertzaintzak 30 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Lazkaon (Gipuzkoa), beste bati barra finko batekin…

1 día hace

26_0317 Ertzaintzak eta Cartagenako Guardia Zibilak bi pertsona atxilotu dituzte, Gipuzkoako Udal bati eta Murtziako enpresari bati ia 100.000 euroko iruzurra egin ondoren

“Andre – Marles” baterako operazioa Ertzaintzak eta Cartagenako Guardia Zibilak bi pertsona atxilotu dituzte, Gipuzkoako…

1 día hace

26_0316 Emakume bat hil da Donemiliagan, ibilgailu batek harrapatuta

26_0316 Emakume bat hil da Donemiliagan, ibilgailu batek harrapatuta Emakume bat hil da Donemiliagan, ibilgailu…

2 días hace

26_0315 Donostian telefono mugikorren saltoki bateko langile bat atxilotu dute iruzurreko transakzio bat egiteagatik

26_0315 Donostian telefono mugikorren saltoki bateko langile bat atxilotu dute iruzurreko transakzio bat egiteagatik Donostian…

2 días hace