Categorías: albisteak-berriak

XXII. Bilbo Ekinean Gala

Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea “XXII. Bilbo Ekinean Galaren” buru izango da. Ekitaldia astelehen honetan, martxoaren 2an, egingo da Azkuna Zentroko Alhondigako entzunaretoan. Alkateak Bilboko Baldosak banatuko ditu, 2025ean zehar hirian 228 negozio berri abian jarri dituzten hiriko ekintzaileak aintzatesteko, eskertzeko eta saritzeko.

«Ekintzaileek ausardiaz, irudimenez eta lan handiz egiten duzue aurrera. Ideiak proiektu bihurtzeaz gain, enplegua, garapen ekonomikoa eta, azken batean, gure hirirako etorkizuna sortzen dituzue», eskertu die Bilboko Alkateak saritutako ekintzaileei. «Ekitea ez da enpresa bat abiaraztea bakarrik. Negozio bat jarraitzea, belaunaldi-jarraipena ematea, profesionalizatzea, modernizatzea edo eraldatzea ere ekitea da. Gure Ekintzailetza Zentroa lanean ari da ekintzaileak sentsibilizatzeko, enpresa-transmisioa ekintzailetzarako aukera seguru eta kalitatezkotzat har dezaten eta Bilbon hazten ari den errealitatea izan dadin. Enpresa baten lekukoa hartzen duzuenok etorkizuna eraikitzen ari zarete, enpresa hutsetik sortzen duzuenok bezala. Gure miresmen eta errespetu guztia duzue».

Bestalde, Kontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismoko Zinegotziak azpimarratu duenez, «Zabalgune eraikinean Udalak doako laguntza indibidualizatua eskaintzen die Bilbon ekin nahi duten pertsonei. Garrantzitsua da ekintzaileak ondo aholkatuta, prestatuta eta informatuta egotea, enpresa txikiak sortu arren merkatura baldintza onenetan ateratzea, eta horien artean networking-guneak sortzea, funtsezkoa baita komunitate ekintzailea sortzea».

Bilboko Baldosak banatu ondoren, ohiko ‘XXII. Bilbo Ekinean Gala’ 20:00etan hasiko da Ohorezko Aurresku batekin «Sokaire»-ren eskutik, eta ekitaldiari amaiera «Earth Song Project» taldeak emango dio, rockaren klasikoak eta egungo hits musikalen egokitzapenak interpretatuz.

GORANZKO ZIFRAK

Azken ekitaldian 228 enpresa berri sortu dira hirian, Udaleko Ekintzailetza Zentroaren laguntzarekin, 2024an baino 24 gehiago. Hirian sortutako enpresen kopurua %13 handitzeaz gain, enpresa-ekimenen 657 proposamen jaso dira (597 izan ziren 2024an), azken 9 urteetako kopururik handiena, eta 630 proiekturi eman zaie aholkularitza negozio-planetan (kopuru errekorra, 2024an baino %13 gehiago).

Iaz sortutako negozioen erdia baino gehiago, zehazki 126 (%53), emakumeek bultzatu dituzte. Gainera, atzerriko jatorriko pertsonen jarduera ekintzailea 2024ko joera berean mantentzen da, eta herena (%33) izan dira migratzaileek 2025ean sortutako enpresa berriak (73 negozio) — 42 emakume eta 31 gizon —. Hala, sendotu egin da aniztasuna, Bilboko ekintzailetzaren eragile gisa. Sortutako negozioen laurden bat 45 urtetik gorako pertsonek bultzatu dituzte, eta %5, 2024an baino %1 gehiago, 25 urtetik beherako gazteek.

228 enpresa horiek sortu ondoren egindako inbertsioa, guztira, 3.938.209 eurokoa izan da (aurreko urtean baino 70.959 euro gehiago), eta 1.776.000 euroko kanpo-finantzaketa izan du. Kopuru horiek hirian sortutako proiektu berrien sendotasuna islatzen dute.

2025ean sortutako enpresa berrien jarduera-sektoreei dagokienez, ekintzailetzaren ekosistemak aniztasun handia erakusten du. Sormen- eta kultura-industriak dira bolumen handiena dutenak: 58 enpresa (% 25,44). Ondoren, Enpresentzako Zerbitzu Aurreratuak daude, 26 proiekturekin (% 11,40). Merkataritzaren eremuak 22 ekimen ditu (% 9,65), eta Osasuna eta Ongizatea (21 enpresa; % 9,21), Ostalaritza (17 enpresa; % 7,46) eta Ile-apainketa eta Estetika (17 enpresa; % 7,46) sektoreek ere jarduera esanguratsua erakusten dute. Beste sektore garrantzitsu batzuk Eraikuntza (14 enpresa; % 6,14), Internet eta Ekonomia Digitala (4 enpresa; % 1,75) eta beste jarduera batzuetako 49 proiektu dira.

22 saltoki berrien artean, elikagaien esparrua nabarmentzen da bereziki, 10 irekierarekin, ondoren opari-dendak (5 denda) eta moda (3 saltoki)Artisautzako 2 saltoki ere sortu dira, baita lurringintzako establezimendu bat eta ortopediako beste bat ere; horrek guztiak islatzen du tokiko merkataritza-sarearen aniztasuna eta pixkanakako espezializazioa.

Jarduera ekonomiko berrien barrutien araberako banaketari dagokionez, Ibaiondo da zerrendako lehena 60 enpresa berrirekin, eta Abandok oso gertutik jarraitzen dio 56rekin. Jarraian, Begoña (28), Deustu (27), Uribarri (22), Errekalde (16), Basurtu-Zorrotza (12) eta Otxarkoaga-Txurdinaga daude, 7 ekimen berrirekin.

Zabalgune eraikinean dagoen Ekintzailetza Zentroak 1.968 pertsonari eman die lehen arretako informazioa, eta 287 pertsonak baliatu dituzte kudeaketa-gaitasunei buruz iaz egin diren doako prestakuntzak.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Donostiak Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguna ospatuko du

Jardunaldiaren barruan, dastaketak, produktuen salmenta eta sentsibilizazio-ekintzak egingo dira, Gipuzkoa plazan. Bidezko Merkataritzaren mugimenduak 40…

2 horas hace

Detienen a un ciberdelincuente que intentó estafar 50.000 euros a una empresa de Mendaro

Una investigación conjunta entre el grupo de Cibercriminalidad Ikernet de la Ertzaintza en Gipuzkoa y…

2 horas hace

Salud activa el Consejo Asesor de Enfermedades Infecciosas Emergentes de Euskadi por el hantavirus

El Departamento de Salud del Gobierno Vasco ha puesto en marcha el Consejo Asesor de…

2 horas hace

CAF eleva su beneficio un 12 % hasta marzo impulsada por el mayor contrato de su historia

La compañía ferroviaria guipuzcoana CAF ha cerrado el primer trimestre de 2026 con un beneficio…

2 horas hace

26_0352 Ertzaintzak eta Guardia Zibilak enpresei iruzur egiten espezializatutako ziberdelitugile bat atxilotu dute A Coruñan

Biktima nagusiak Euskadiko, Kataluniako eta Valentziako enpresak ziren, eta 440.000 eurotik gorako iruzurra egin die…

5 horas hace

Antzerkia Donostiako auzoetara itzuliko da Poltsiko Antzerki Jaialdiarekin

Maiatzeren 7tik 24ra Poltsiko Antzerki Jaialdia formatu txiki eta ertaineko antzerki-ikuskizunen erakustaldia da, eta urtero…

8 horas hace