Feminismoaren seriotasunaren mitoa desmuntatu eta umoreak bere aldarrikapenetan duen papera aztertu du Emakundek lagundutako ikerlan batek

Feminismoaren seriotasunaren mitoa desmuntatu eta umoreak bere aldarrikapenetan duen papera aztertu du Emakundek lagundutako ikerlan batek
  • Beti haserre dauden feministen irudi estereotipatuaren aurrean, aldarrikapenak «militantzia alai» baten bidez helarazteko izan diren moduak aztertzen ditu
  • Euskal mugimendu feministak erabilitako irudietan, karteletan, abestietan eta espazio digitaleko edukietan umoreak izan duen funtzioa ikertzen du

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak «Beste barre batzuk posible dira. Feminismoaren seriotasun jasanezinaren mitoa desaktibatuz” ikerketa lana aurkeztu du gaur Institutuaren egoitzan egileekin batera: Iraide Álvarez Muguruza, ikasketa feministetan eta generoan espezializatutako politologoa eta Sabela Fraga Costa, artearen historialaria eta Arte Ederretan doktorea.

Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa-lanei ematen dien bekaren emaitza da azterlan hau, eta feminismoaren inguruan errotuen dagoen estereotipoetako bat desaktibatzen laguntzea du helburu: feminismoaren seriotasun jasanezinaren mitoa. Baina, horrez gain, umoreak euskal mugimendu feministaren aldarrikapenetan izan duen funtzioa azaltzea ere lortzen du.

Emakundeko zuzendariak ikerketa horren garrantzia azpimarratu du, «feminismoa ez baita soilik egitura patriarkalak salatzen eta desagerrarazi nahi dituen indarra, bada ere sortzen, irudikatzen eta ospatzen dakien mugimendua».

Horren adibide, Miren Elgarrestak Emakundek duela 25 urte baino gehiago Forges marrazkilariaren laguntzarekin egindako kanpaina arrakastatsu bati egin dio erreferentzia, Sorkunde protagonista zuena, hain zuzen ere. «Ironiaz salatzen zen gizonak ez zeudela inplikatuta zaintza- eta etxeko-lanetan, besteak beste. Kanpaina horrek oihartzun handia izan zuen gizartean, hain zuzen ere umorea erabiltzeagatik «.

Elgarrestak ikerketaren aurkezpenean adierazi duen bezala, lan honek militantzia alaiaren aukera aldarrikatzen du, «umorea baliabide politikoa ere badelako eta feminismoak erabiltzen jakin duelako».

Egileek ikerketa-lan sakona egin dute, eta, horretarako, euskal dokumentazio-zentroetara jo dute, hala nola Emakundera, hamar bat erakunde feministarekin topaketak egin dituzte, eta elkarrizketa pertsonalak egin dizkiete esparru akademikoari, sozialari, kulturalari eta instituzionalari lotutako hamahiru emakume eta gizoni.

Testu-dokumentuak eta grafikoak, irudiak, kartelak, abestiak eta espazio digitaleko memeak aztertu ondoren, azterlanak argudiatzen du umorea praktika feminista berritzaileak artikulatzeko eta berdintasunera eta justizia sozialera bideratutako aldaketa-prozesuak sustatzeko gai den tresna dela.

Izan ere, ikerketak dokumentatzen duenez, hirurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, euskal erakunde feministek sormenera jo dute beren aldarrikapenak zabaltzeko. Balio handiko ondare kultural eta historiko hau aitortzea eta zabaltzea merezi duela argudiatu dute.

Ikertzaileek antzeko azterlan gehiagoren beharra aldarrikatu dute, agerian uzten baitute posible dela umorea aztertzea ikuspegi feministatik eta genero-ikuspegitik, entretenimendu hutsera mugatu gabe. Haien iritziz, eztabaida politiko eta kulturalaren funtsezko elementua da umorea.

Ikertzaileak

Iraide Álvarez Muguruza Politika Zientzian eta Kudeaketa Publikoan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, Ikasketa Feministetan eta Genero Ikasketetan espezializatua, eta Gizarte, Politika eta Kulturan doktorea erakunde berean, Bordeleko Unibertsitatean duen ikerkuntza-ibilbidearekin batera. Bere ikerketa-lana teoria politiko feministaren, pedagogia feministaren eta umore politiko eta sozialari buruzko azterlanen esparruan kokatzen da, umore feministari arreta berezia jarriz.

Sabela Fraga Costa artearen historialaria eta Arte Ederretan doktorea da. Galiziako hainbat erakunde kultural eta politikoren memoria eta artxiboan oinarritutako komisariotza-lanak egin ditu. «Fikzio egokiak: umorea eta feminismoak ikusizko arteetan azken hamarkadetan» izeneko tesiaren ondorioz, «A risa habitábel: Conversas con creadoras sobre humor e feminismo nas artes» liburua argitaratu du.